Euroliga Ezer gutxi dute jokoan gasiteiztarrek
Irabazteko grina mantendu, ahaleginak banatuz
Italiarrek aurrera jarraitzeko behar-beharrezkoa dute garaipena lortzea
Dusko Ivanovicek bere garaian ezarri zuen «nekea ez da existitzen» mandamendua albo batera utzi du Bozidar Maljokvicek eta irabazteko grinak betikoa izan behar duela esan zuen arren, gaurko partidak inolako garrantzirik ez duenez, Luis Scola kapitaina Gasteizen utzi zuen, atsedena hartu eta lehia garrantzitsuak etortzen diren unean puntu-puntuan izateko. Gasteiztarrentzat gaurko partidak serbiarraren aginduetara lehen garaipena lortzeko edota etxetik kanpo ere irabazteko gai direla erakusteko balio du eta italiarrentzat lehia hil ala bizikoa da, hurrengo kanporaketan egon nahi badute, geratzen zaizkien bi partidak irabazi behar baitituzte.
Scolaren hutsuneaz gain, Serkan Erdogan hegaleko turkiarrarena izango du gaur Baskoniak. Hegaleko turkiarrak min hartu zuen orkatilean igandean Badalonan jokatutako partidan eta ikusteke dago igandean Menorcaren aurka jokatzeko moduan izango den. Zorionez, azken bi asteetan min hartuta egon ostean, Igor Rakocevic kantxetara itzuliko da gaur, nahiz eta berarekin ere arduratsu jokatu nahi duen Baskoniak eta entrenatzaileak, eta jokatuko dituen minutuak ondo neurtuak izango dira.
Aukera ez-ohikoentzat
Filosofia aldaketa horrek, orain arte jokatzeko oso minutu gutxi izan dituzten Cilla eta Eslava, esate baterako, jokalariei ate berriak irekiko dizkie, baina batez ere Mirza Teletovici. Pibot bosniarrak indartsu hasi zuen denboraldia, baina pixkanaka-pixkanaka jokatu dituen minutuak urritzen joan dira eta ia batere ez du jokatu. Maljkovicek beti egin du jokalari gazteen alde eta asteartean Gasteizen emandako prentsaurrekoan argi utzi zuen Teletovicek minutu sorta ederra izango duela, dituen gaitasun eta kalitatea erakusteko aukera izan dezan.
Entrenatzaile berriak nahi ez duena, taldeak partidari garrantzirik ez ematea da. Zurbaoko pabiloian bezala, non emandako egurraren ostean¯99-56 irabazi zuten lehen itzuliko partidan gasteiztarrek¯lehia erraza izango dela pentsatzen zuten.
Gasteizen halako porrota jaso ostean, hamaika arazo izan dituzte Erromako taldean, Repesa entrenatzailea bera bajan izan da osasun arazoengatik, baina lehen fasean ere erakutsi zuten italiarrek burua altxatzeko duten gaitasuna. Denboraldi erregularrean, lehen zortzi partidatatik sei galduta, ia lehiaketatik kanpo egon ziren, baina azkenean aurrera egiteko modua egin zuten Repesarenek.
«Gaitasun handiko talde heldua eta inteligentea garela erakutsi dugu. Gasteizko lehiaren ostean Jasmin Repesa, Roberto Brunamonti eta Ario Costak hemen jarraitu behar ez zutela zirudienean ere, sekula ez genuen amore eman eta beti sinestu izan dugu gure ahalmenetan», adierazi zuen Garri pibotak.
Horixe bera nabarmendu zuen Gasteizen Boza Maljkovicek eta italiarrak Zurbaoko arantza kentzeko irrikitan egongo direla nabarmendu zuen. Gainera, jokalari onak dituen taldea dela azaladu zuen. «Oso atzerritar onak eta saskiratzaileak ditu, Chatman eta Hawkins, Serbiako selekzioan diharduten Bodiroga eta Askrabic ere oso arriskutsuak dira». Roberto Chiacigek, lesionaturik, ezingo du jokatu.