GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen Murgoitio

Berririk gabeko berriketa

Informazio-autobideen gizartean bizi omen gara. Nork bere informazioa bere autoan daroa, partekatu barik, horretan ere informazio kolektibo gutxi; bestela, mahai politikoa abian izango zen honezkero. Informazio-autobideen gizartea gurea, zoritxarrez. Zenbat eta autobide gehiago izan, hainbat eta informazio gutxiago eduki. Ez da harritzekoa gero, itzelezko albiste-ilarak izatea autobideotan, kolapsora heldu artekoak. Eta hau kolpea bidesariko autobideotan! Bai, albiste asko eta berri gutxi. Berriketa larregi, baina apenas berririk ez; are gutxiago Nafarroan. Marmarra da nagusi berbaro-autobideen gizarte honetan. Noizko informazio-berbabideen gizartea? Tira, AHT Gelditu! Elkarlanak berrikitan eman du inkesta baten berri, hauxe bai benetako berria, albistetik hara- tago: ziztu biziko trentzar horrek urratuko duen azkarbide- ko herri eta herrixketako jende arrunt gehienak ez du informaziorik bat ere jaso, autobidea jasan beharko badu ere; garapen jasangarria diotsate horri. Bai, aht hori funtsean autobidea da, autoaren, kamioiaren eta espiritu santuaren izenean eta izanean eraiki nahi dutelako. Eraikuntza nazionala batzuen ustez, errakuntza nazionala besteon iritziz. Trentzar hori iraultzailea bada, nik kontserbadore nahi dut izan. Informazioaren gizartea oraingo hau? Bai zera! Kaka zahar erreziklaezina.

Bide luzeko garraioa hainbeste goratu, laudatu eta jainkotzen duen gizarte ofizialean ezina egiten zait ulertzea zelan den posible bide motzeko garraioa hain eskasa izatea. Horra! autoinkulpazio-sinaduren fardela galdu egin omen zen lehengoan Auzitegi Nazionaleko kanpotik barrurako bide motzean! Ez zen bideo-zaintzaren faltagatik izango gero! J´accuse. Gure sinadurek bankuan baino ez dute balio, kontu korronteak, LABek ez bezala, gorrira egiten ez duen bitartean, behinik behin. Zer informazio-gizarte eta informa- zio-gizarte oste! Total, azkenean paperak galduta. Vatikanoak legez. Teologoa izanda ere oso jatorra den euskal jesuita bati zigorra sartu nahi dio Vatikanoko auzitegi nazionalak, eta horrako bidean ohartarazi egin du beste libururik ezin duela argitaratu. Informazio-gizartea, ostera ere. Hango ziegetan, seguruenik, baineraren ordez bataiarria erabiltzen dute, akusatuak latinez kantatu dezan, autoaren, kamioiaren eta espiritu santuaren izanean. J´accuse, hori ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo