GARA > Idatzia > Editoriala

Palestinako Gobernu berria, nahiari eta beharrari erantzuna

Palestinako Parlamentuak Batasun nazionaleko Gobernua onartu zuen atzo, herri horren prozesu luzeari garai berri bat zabaltzeko asmoz. Hainbesteko sufrimenduaren zama gainean daraman herri batentzat esperantza izpi bat da. Tentuz hartu beharrekoa, oraindik oztopo asko gainditu beharko baitu barne eta kanpo harresi guztiak eraitsi arte, baina itxaropentsua eta, hortaz, pozgarria da Palestinan eta inguru osoan justizian oinarritutako bakea nahi duen ororentzat.

Tentuz hartu behar da Palestinako indarrek oraindik zauriak hurbil eta itxi gabe dituztelako, haien arteko liskarrak oso gordin eta mingarriak izan dira-eta. Hain zuzen, Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek eta Ismail Hania lehen ministroak esan zutenez, osatu duten gobernuaren helburuetako bat barne tentsioak gainditzea da. Izan ere, argi dagoela dirudi herri hark ezinbestekoa zuela, eta duela, ahots bakar bat Israelen eta munduaren aurrean. Gobernu horretako indar nagusiek proiektu desberdinak dituzte, baina desberdintasun horiek ezin zaizkio gailendu Palestinari munduan bere lekua onartuko dion prozesuari. Ez da alderdi-interesei begiratzeko garaia, herriaren nahiei eta beharrei begiratzekoa baizik. Eta horregatik, hain zuzen, herriaren nahiari erantzuten dion gobernua delako, zilegitasun osoa du. Zilegitasun osoa bigarren helburua lortzeko, Nazioarteko Komunitateak Palestinako Gobernuari ezarria dion boikota altxatzea.

Zilegitasun horrek, antza, ez dio balio Israeli, eta espero izatekoa zen bezala, oraingoz behintzat, ez du onartu Gobernu berria. Baina Nazioarteko Komunitateak ezin dio ez ikusiarena egin; aitzitik, bere erantzukizunari aurre egin behar dio Palestinaren kontrako zigor ekonomikoa bertan behera utziz. Erantzunkizun hori, benetako bake bidea oztopatu beharrean, hari heltzea erraztea da. Europar Batasunak Ekialde Hurbilean protagonismoa berreskuratzeko aukera du orain; protagonismoa eta, erantzun egokia emanez gero, galdua zuen sinesgarritasuna. Dagoeneko hasi dira erantzun egoki horren aldeko ahotsak entzuten Europan, batasun nazionaleko Gobernu palestinarra onartzeko deiak, alegia. Bada garaia, izan ere, hipokrisia alde batera uzteko, batekin ulerkor eta bestearekin ezin zurrunago jokatu gabe. Eta bada garaia interes ilunen gainetik justizia jarrita jokatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo