GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bolibartarrok herri plataformak Udalak Agenda 21ekin duen jarrera salatu du

Agenda 21 dinamikaren berraktibatzearen aurrean, Bolibartarrok Herri Plataformak Lea-Artibaiko herrian horretan suertatutako egoera salatu du. Ekimena berpiztearen inguruko informazio eza eta Udalak herritarren parte hartzea ekiditen duela deitoratu du.

GARA | BOLIBAR

Bolibartarrok herri plataformak EAJk eta herriko Udalak Agenda 21ekin darabilkiten jarreraren inguruko trufa azaleratu du azken egunotan. Izan ere, Bolibartarrok-ek jakinarizi duenez, Agenda 21 dinamika urtarrilean berraktibatu zen. Egoera horren aurreran, herri plataformaren ustez, «Agenda 21 ez da bideratu herritarrek parte hartzeko intentzioarekin, bere asmoa Udalak bere aurpegia garbitzea eta Bolibarko ezker abertzaleari lehia egitea baita». Horrekin batera, Bolibartarrok-en aburuz, «parte hartzea ahalbidetu nahi dutela esaten diguten bitartean, udalaren funtzionamendurako organuak iluntasunean funtzionatzen jarraitzen dute». Horren ildotik, «plenoetara ahalik eta jende gutxien joan dadin ahalegintzen dira edota ez dute euskararen, jaien edo hirigintzaren inguruko batzorderik osatu».

Agenda 21 dinamikaren berraktibazio horren harira, «bideratzen hasi aurreko plenoa azaroaren 30ean egin zen Bolibarren, desanexioaren urteurrenarekin koinzidituz. Bolibartarrok plataformak pleno hartan parte hartu zuen azkenengo momentuan kasualitatez enteratuta», deitoratu zuen. Gainera, Bolibartarrok-ek ezagutzera eman zuenez, «bilkura horretan ez zen Agenda 21i buruzko ezer ere sartu gai-ordenan, eta aurreko plenoetako aktetan ere ez da ageri». Horregatik, Bolibartarrok plataformak, «non erabaki zen azken momentuan, plenorik ere konbokatu gabe, Agenda 21 berraktibatzeko 3 pertsona kontratatu eta aurrekontutik horretarako diru partida egotea?» galdera plazaratu zuen prentsa ohar baten bitartez.

Bolibartarrok plataformak salatu egin zuen «EAJren munduak udalean eta mankomunitatean daraman jarrera eta dinamika iluna. Gainera, Agenda 21 berez ez da hauteskunde lehiarako tresna eta Bolibarko EAJk, Mankomunitateko laguntzarekin, erabilera hori eman dio». Egoera horren aurrean, Lea-Artibaiko herriko plataformak «aurrerantzean Bolibartarrok plataformako zinegotzi eta kideok Bolibarko Agenda 21en dinamikan parte hartuko dugula eta gauzak egin behar diren moduan egin daitezen erantzunkizunak eskatuko ditugula» iragarri zuen. Hala ere, «hasieratik txarto bideratua egon dela-eta, garrantzitsua ikusten dugu jarraipen zuzena egitea jendearen aurrean esandako hitz politak bete egingo direla ziurtatzeko» zehaztu zuten azkenik.

daturik ez

Bolibartarrok-ek argitu zuenez, Agenda 21 ekimena berpiztu aurreko azken osoko bilkuran ez zen dinamika horren inguruko hitzik aipatu. Ez orduan, ezta aurretik egindako plenoetan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo