GARA > Idatzia > Ekonomia

Negozioen munduan arrakasta lortzeko gakoa, berrikuntza

Nafarroako Ekintzaileen Egunean parte hartu zuten hainbat enpresarik ez zuten zalantzarik izan hasiberriei gomendioak ematerako garaian: garrantzitsuena hutsunea aurkitu eta berritzen joatea da. Batzuk arrakasta paisaiaren munduan aurkitu dute, beste batzuk izotz-kozkorretan eta bizkorrenek, lan arriskuetan.

Rebeka CALVO

Pasa berria den aste honetan, Iruñeko Baluarte Biltzar Jauregia standez, iragarkiz eta era guztietako zerbitzuz jantzi zen goitik behera. Nafarroako Ekintzailearen Eguna egiten zen bigarren aldia zen eta ondorioz, euren negozio ideiak aurrera ateratzeko laguntza bila zebiltzan gaztez leporaino bete zen biltzar jauregia. Aurtengo goiburua «Ausartu zaitez eta egin salto! Badezakezu, guk lagunduko dizugu!» zen, eta premisa horrekin, nola ez, jada «saltoa» emana duten enpresari asko izan ziren bertan. Mahai inguru batean argitu zuten moduan, gakoa, lehenik eta behin, «hutsunea non dagoen» aurkitzea izango litzateke. Eta horixe egin zuten, hain zuzen, AIT, Martan, Tesicnor, Servihielo eta Paisatge enpresatan.

Negozio berri bat aurrera ateratzeko lan egiteko gogoa eta kapitala, noski, garrantzitsuak izanik ere, arrakasta, aukeraketaren araberakoa dela esan zuten mahai inguruko hizlariek. «Apustua non egiten den oso garrantzitsua da», esan zuen Paisatgeko arduradunak. Berritu egin behar da, «berrikuntzak bereiztuko gaitu-eta», gaineratu zuen Maria Larrañagak. Hain zuzen, horixe egin zuen bere enpresa sortzean. «Paisatge paisaia-aholkularitza bat da. Hemen ez da egonkortu paisajistaren lanbidea eta hutsunea ikusita, gure enpresa hortara bideratzea erabaki genuen. Paisaia ez da ingurune-baliabidea bakarrik, baliabide ekonomikoa ere bada, gure herrialdera paisaiagatik bakarrik gerturatzen diren turista guztiei begiratzen badiegu», argitu zuen.

Baina bestelako «hutsunerik» ere bada Nafarroan eta horietako batzuk bete dituzte zenbait enpresari bizkorren ideiek. Juan Carlos Suescunen Servihielo da horietako bat. Garesko enpresa hori da Nafarroan izotz-kozkorrak banatzen dituen bakarra. Nafarroa, Gipuzkoa eta Errioxan etxez etxe banatzen du produktua eta baita Estatu espainoleko beste puntu batzuetan ere, salmenta handizkakoa denean. «Luzaroan buruan bueltaka izan nuen ideia zen, hasieran denek erotzat hartu ninduten. Ingurukoek izotz-kozkorrak etxean edozeinek zuen zerbait zela esaten zidaten, baina orain ez didate barrerik egiten», agertu zuen Suescunek.

AIT Componosollertiako Mario Sanchezen kasua bestelakoa da. Makineria berezian eta multzo mekatronikoen diseinu, fabrikazio, muntaia eta integrazioan lan egiten duten Tuterako enpresa horretan uneoro berritzen ari direla argitu zuen Sanchezek. «Berrikuntza da gure lehentasuna. Orain gutxi gure produktuetako bat beste sektoreren batera zabaltzea erabaki genuen eta egokiena aisia eta kultura zela ikusi genuen. Simuladoreak eta jolaserako hainbat elementu sartu ditugu eta oso kontentu gaude emaitzarekin», esan zuen. Enpresarako, hala ere, giza baliabideak dira zaindu beharrekoak: «Enpresa txiki batek aurrera egiteko modu bakarra da, gure ustez. Gure helburuetako bat egitura horizontala egitea da, horrela ideia zehatzak aurrera eramango dituzten lan taldeak osatzeko».

Beste bi enpresen kasuan, «hutsunea» lan-arriskuetan zegoela ikusi zuten. Martan enpresaren kasuan, lan-istripuak ekiditeko formakuntzaren garrantzia ikusita, horri heltzea erabaki zuten. «Nire nebak eraikuntzan egiten zuen lan eta horrela konturatu zen eraikuntzaren sektoreko langileek jasaten dituzten arrisku asko formakuntza gabezitik datozela. Gure berrikuntza eraikuntzarako eskola bat sortzea izan da. Horretarako bi plaza dituen kabina sortu dugu, irakaslearentzat eta ikaslearentzat. Horrela, arrisku errealak izan aurretik, horiei aurre egiteko moduak ikasi ahal izango dituzte», argitu zuen Ana Martinezek.

Tesicnor ere segurtasunaren munduan ari da. Santiago Panguak azaldutakoren arabera, instalazio publiko zein industrialetako arriskuen prebentzioan eta energia berriztagarrien formazioan egiten dute lan, besteak beste. Obretako segurtasuna kudeatzeko eta eraikinen mantenurako programa informatikoak diseinatu dituzte.

Hasiberri batek, hala ere, bazuen bestelako teoriarik: «Dirua lortu eta ipurdia mugitu behar da mundu honetan, bestela zuk bilatutako hutsunean beste norbaitek jarriko du arrautza, eta akabo!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo