Autonomia eta malgutasuna bai, baina itxurakeriarik ez
Gure gizarteko eta gure inguru hurbileko errealitatetik abiatuta eleaniztasunak ere lehentasuna izan behar du gure hezkuntza sisteman. Euskararen normalkuntza jendeak hartu behar du bere gain, eskolak soilik ezin du. Hizkuntza erregistro informala, gehien bat, kalean eta jendartean ikasten da
Josu ZALBIDEA | STEE-EILAS
Gurea bezalako gizarte bateko hezkuntza sistema propioak, luzaroan diglosia egoeran dagoen hizkuntza bat duenak, ikasle guztientzako hizkuntza-gaitasun bera bermatu behar du. Horiek horrela, euskal hiritar guztien funtsezko eskubidea da euskaraz jakitea eta euskara komunikazio-tresna izatea, hala eguneroko bizitzan nola irakaskuntzan. Eta eskubide hori osoki eta pertsona guztiei bermatu behar die gure hezkuntza sistemak.
Ildo berean, ondorio gisa, esan daiteke ikasle guztien betebeharra dela derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan euskara erabiltzeko hizkuntza-gaitasun osoa izatea, ondorengo ikasketak euskaraz egin ahal izateko. Horretarako ezinbestekoa da, bai hezkuntza eskaintzaren planifikazioak eta bai bitarteko eta baliabide erabilgarriek hori ziurtatzea.
Era berean, gure gizarteko eta gure inguru hurbileko errealitatetik abiatuta, eleaniztasunak ere lehentasuna izan behar du. Ez bakarrik lan-merkatuak hala eskatzen duelako, baizik eta egungo gizarteen hizkuntza-konplexutasunak horretara bultzatzen gaituztelako, gure ikasle etorkinen jatorrizko hizkuntzak eta estatuko beste komunitate batzuetako hizkuntza ofizialak ere hor daudela ahaztu gabe.
Eredurik ez, eredu bakarra ere ez. «Eredu» hitza bera ere ezabatu egin beharko litzateke nahasketa eta mamurik egon ez dadin. Bada garaia hizkuntz ereduen sistema zatikatzailea gaindituz, tokian tokiko hizkuntz egoera aztertu eta gero, ikastetxeetan eratutako euskararen normalkuntza plan eraginkorrak abian jartzeko. Murgiltze prozesu malguak ezarriz, ahoz nahiz idatziz eta erregistro formal nahiz informalean, ikaslegoaren euskara gaitasunak bermatua egon behar du derrigorrezko eskolatzea burutu ondoren. Arazo horri aurre egiteko egitasmo zehatzak sustatu behar dira, bai Ikastetxeetako Normalkuntza Planetatik, baita irakaskuntzaz kanpoko erakundeetatik ere, besteen artean, udaletxeek ardura berezia dutelarik.
Euskararen normalkuntza jendarteak hartu behar du bere gain, eskolak soilik ezin du. Hizkuntza transmisioa egun eskolarena da ehuneko handi batean, baina argi dago ez dela nahikoa. Hizkuntza erregistro informala gehienbat kalean eta jendartean ikasten da.
Goizegi da Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamenaren inguruan azterketa eta kritika sakona egiteko, hala ere, proposamen hori gauzatzerakoan goian aipatutako hausnarketak ez badira kontuan hartzen, zaila izango da markatutako helburuak betetzea. Helburu zehatzak finkatu, neurri trinkoak hartu eta epe laburrean ezarri behar dira!