GARA > Idatzia > Kultura

Errumaniako tziganoen musikak Burrunka taldearekin egingo du bat Bi Harriz Lau Xori jaialdian

Euskal Herriko eta atzerriko artisten adierazpide anitzei tokia ematen die Biarritz Kulturak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatu Bi Harriz Lau Xori jaialdia; martxoaren 22tik 24era iraganen da Biarritzen.

Idoia ERASO | BIARRITZ

Atzerriko artistek bertako sortzaileekin batera adierazpide ezberdinak entsaiatzea eta garatzea bilatzen du Bi Harriz Lau Xorik, elkarrekin artea berirudikatzeko. Artea asmatu eta nahastu, espazio fisiko eta alegizkoak irudikatu; horrelako zereginetan arituko dira taula gainetik Biarritzeko jaialdian musika, antzerki eta dantzaren bitartez ikuslegoari mundua berrezagutzen lagunduko dieten sortzaile zein interpretatzaileek.

Jaialdiak iraungo duen hiru egunetan ekitaldi nagusia ostiralean Gare du Midin Ciocarlia fanfarriak eta Burrunka taldeak elkarrekin eskeiniko duten kontzertua izanen da. Musikaz gain antzerkia, hitzaldiak, zinema eta ibilbide koreografiko eta musikala ere izanen dira.

Tziganoen ondarea

Tziganoen ondarea eta nazioarteko musikak elkartzen ditu Errumaniatik heldu Ciocarlia fanfarriak. Euskal Herriko Burrunka taldeak Europa ekialdeko taldearekin egingo duten ikusgarriak larunbatari jai giro alaia eskeiniko dio. Burrunkaren perkusio eta gaitek, Europa mailan ezagunak egin diren ezkontzetako musika talde errumaniarraren haizezko instrumentuekin bat egingo dute.

Moldabiarekin ia mugan egiten duen eskualde batetik heldutako errumaniarrek «Ekialdeko fanfarria azkarrena» direla erakutsiko dute. "Burrunka taldeko musikariak ikusgarria prestatzen ari zirenean harrituak gelditu ziren fanfarria errumaniarraren musikak ezagunak egiten zitzaizkielako. Beraien kultura uste baino zabalduago dago" adierazi zuen jaialdiko antolatzaile Eloixa Ospitalek. Kultura tradizionaletik atera musikaz gain, zinetik eta jazzaren mundutik hartutako zenbait kanturen bertsioak ere eskeiniko dituzte Ciocarliako musikariek.

Ostegunean arratsaldeko zazpietan eta zortzietan ikusiko dena zer izanen den asmatzea ezinezkoa dela adierazi dute Somaezina taldean parte hartzen duten artista eta Cantau lizeoko ikasleek. Acordeoi eta biolontxeloaren musikarekin ,Sustrai Colina bertsolariaren hitzekin eta Sylvain Méret eta Joanna Etcheverryren dantzekin batera ibilaldi musikala eta koreografikoa eginen dute ikasleek Atabalean.

Alderdi intelektuala Ur Apalategik emango dio jaialdiari. Idazleak literaturari buruzko hitzaldia eskeiniko du euskaraz, itzulpena zuzenean egingo da frantsesera. «B. Atxaga eta M. Houellebecq. Idazleek hiritik ihes egiten dutenean» gaiaren inguruan mintzatuko da Apalategi larunbatean arratsaldeko hiruretan Mediatekako Auditoriumean.

Antzerkia Baxe Nafarroa Herri Antzokiaren eskutik helduko da. Haur zein gaztetxoek integrazioaren eta tolerantziaren onurak ezagutuko dituzte «Anaiatxo berezia» txotxongilo lanarekin. Emanaldi honetatik lortu irabaziak Seaskako Integrazio Batzordea laguntzeko baliatuko dira. Txotxongiloak larunbatean arratsaldeko bostetan izanen dira Biarritzeko Koliseoan .

Zineak emango dio bukaera Bi Harriz Lau Xoriren hamahirugarren edizioari larunbatean. Hamahiru zenbakiak omen dakarren zorte txarrari muzin eginik, Le Royalen gaueko bederatzietatik aurrera Nomadak TX filmea eskeiniko da eta ondoren produkzioaren partaidetako batekin hitz egiteko parada ere izanen da.

Fitxa

Tokia: Biarritz.

Data: Martxoaren 22tik 24era.

Antolatzailea: Euskal Kultur Erakundea eta Biarritz Kultura.

Sarreraren prezioa:

Ostiraleako kontzertuan, 20 euro, eta Anaiatxo Berezia antzerkian, 10 euro, bakarrik behar da ordaindu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo