GARA > Idatzia > Euskal Herria

Presoen sakabanaketa salatzeagatik bost demo epaituko dituzte Baionako auzitegian

Maria AIZPURUA | BAIONA

«Ekintza sinboliko eta baketsu batengatik zigortzen baldin baigaituzte, zer borroka mota geratzen zaigu gure mezua plazaratzeko?» galderari erantzuna bakoitzak bila diezaiola adierazita, datorren martxoaren 30ean, goizeko 9etatik aurrera, Baionako auzitegian epaituko dituzten bost demoek, Estatu frantsesaren «jokaera errepresiboa» salatu zuten atzo.

Iazko abenduaren 29an Baionako suprefeturaren aitzinean auto-istripu bat irudikatu zuten presoen sakabanaketa arbuiatu eta hurbilketa eskatzeko. Trafikoa eragotzi zutela leporatuta, Antton Hariñordoki, Iñaki Berhokoirigoin, Arño Aizaguerre, Patxi Queheille eta Peio Etxeberri-Aintxart epaituko dituzte orain.

Joan den uztailean «nolabait, zigorra isilpean ezartzeko», fiskaltzak proposatutako tratua ez zutela onartu adierazi zuen Hariñordokik. Orain, «hamabost eguneko aurrerapenarekin soilik», jakinarazi zaie epaiketaren data. Bi urteko espetxe zigorra, gida-baimena hiru urterako kentzea, 4.500 euroko isuna eta, gisa guztiz, gida-baimenaren puntu erdiak erretiratzea dute arriskuan.

«ETAk su-etena eman zuenetik urtea betetzear dela eta euskal gizartea bakerako urratsak ematen saiatzen ari denean, bi estatuek errepresio berberarekin erantzuten» dutela nabarmendu zuten auzipetutako demoek. Gainera, hauteskundeen gertutasuna dela-eta, hautagaiek presoen eskubideen auziarekin zer egiteko asmoa duten kontuan hartzeko eskatu zieten hautesleei.

Demoek gomita igorri diete Euskal Herri osoko alderdiei, -«ez soilik alderdi abertzaleei», Aintxartek gain- eratu zuenez-, epaiketa egunean auzipetuei babesa eman eta, bide batez, presoen sakabanaketa amaitzeko eskakizunarekin bat egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo