GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herriz herri eta auzoz auzo atxikimenduak milaka bilaka daitezen

Datozen asteetan, uztaila bitartean, Euskal Herriko kale bazter eta errepide anitzetan ikusi ahal izango da. Atari orotan ate joka aritzea da intentzioa eta horretarako milaka kilomentro egin beharrean izango da; Milaka kilometro, Milakabilaka ariketari bultzada emateko.

Goizean goiz ekin zioten prestaketari, atzo zuen estreinaldi eguna eta behar bezalako ongi etorria eman nahi izan zioten uztaila bitartean, herri eta auzoetan geldialditxoak eginez, Euskal Herriko errepideetan barna bidaia egingo duen kamioiari. Milakabilaka ariketaren ardatz bilakatuko da aurrerantzean, bera izango baita kale bazterrak arakatu eta atxikimenduak jasotzeko bitarteko sendoena.

Zuria, alderik alde errespetua hitza idatzia duena eta kaxa bat balitz bezala zabaltzen dena. Barruan, berriz, bere eginbeharrerako beharrezkoa duen guztia du: orain arte atxikimendua eman duten pertsonen irudiak erakutsiko dituzten telebista pantailak, ibilbidean egingo dituzten ekimenen berri eman dezan bulegotxo bat, eta, nola ez, ezinbestekoak dituen argazki kamera bi: finkoa bat, eta kamioiak iritsi ezin duen lekuetara eramango duten kamera mugikorra bestea.

Milakabilaka lantaldeko kide Kepa Urbietak adierazi zuenez, eta beti ere ahalik eta jende gehienarengana iristeko helburuarekin, bestelako bitartekoak ere ari dira aztertzen, herri bakoitzean «korrespontsal» lanak egingo dituen pertsonak izatea besteren artean. Era berean, bloga sortzea ere buruan dute, informazioa helarazi eta jendearen iritzia jasotzeko.

Urtarrilean aurkeztu zenetik Milakabilakak egin duen ibilbidearekin gustura daudela argitu zuen lan talde bereko Igor Igarategik, atxikimendu ugari eta askotarikoak jaso dituztelako. Berritasuna dute helburu eta, horretan argazkiak jasotzea eta herriz herri ibiltzea adibide dituzte. Hala ere, aurrerantzean ere originaltasunaren bidetik jotzeko asmoa dutela gaineratu zuen.

Eguerdirako prest zegoen jada kamioia eta aurkezpen ekitaldiari bide eman zioten. «Herritarren espazio libre bilakatu nahi duguna, lau haizetara irekia, herritarrei zabaldua, norberaren burutazioak jasotzeko prestatua, auzolanerako tresna, komunikaziorako eta harremanetarako aitzakia izango dena eta, batez ere, Euskal Herriari, herritarrei eta erabakitzeko eskubideari errespetua aldarrikatzeko aldaba», gisa honetan definitu zuen Castillo Suarez idazleak Mikalabilaka ariketaren iniziatiba berria.

Milakabilakak sorreratik du herritarrei parte hartzeko bideak jartzeko xedea, eta herriz herri abituko den kamioia beste adibide bat dela azaldu zuen Andoni Errazkin arkitektoak. Era berean, dei egin zien herritarrei «Milakabilaka ariketa artikulatzeko, herritarren parte hartzea bultzatzeko, herritar bakoitzak eskura duen hori egiteko ausardia izan dezan, eta sormenari ateak zabalduz bada, hobe». Nerea Alias aurkezleak nabarmendu zuenez, guztia helburu bakar baina sendoarekin: «Euskal Herriarekiko errespetuan oinarritutako konponbide demokratikoa hezur mamitzea».

Hitzetarako ez ezik, kanturako eta bertsoetako okasioa hartu zuten kamioiaren aurkezpen ekitaldian. Unai Gaztelumendi eta Oier Iurramendi gazteek bertso bana bota zuten eta Iñigo Beldarrain, Ander Barrenetxea eta Juan Mari Beltranek Sigi-Sagan eta Fandango Aparta doinuak jo zituzten bertaratu zirenen gozagarri.

Aurkezpen ekitaldia amaituta norbanakoek hartu zuten protagonismoa, kamioiko eskailerak igo eta beren atxikimendua emateko prest agertu zirenek.

Ibilaldi laburra egingo du gaur, atzo Sagarrondotik jaialdian murgildua dagoen Hernanin eguna pasa bazuen, gaur Urnietan baitu hitzordua Milakabilaka kamioiak. Bertan eta jaialdi beraren harira antolatu diren sagardo dastaketa eta herri kirolen karietara inguratuko diren lagunei emango die euren atxikimendua emateko aukera. Bihartik aurrera berriz, errepide zabalera irtengo da. Bihar Lasarten izango da, etzi Donostiako Ibaetako Campusean, hurrengoan Oiartzunen... Horrela, Euskal Herriko txoko eta bazter guztietara iritsi arte.

Maider EIZMENDI

URNIETA

Sagarrondotik jaialdiaren harira sagardo dastaketa eta herri kirolak izango dira gaur herrian. Bertan izango da Milakabilaka kamioia ere, nahi duen orok atxikimendua eman dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo