GARA > Idatzia > Kultura

Jose Irazu eta Bernardo Atxaga; biak ala biak bihurtu dira euskaltzain oso

Literaturaren mundu zabalean euskaldunok dugun enbaxadore ezagunena izan litekeen Jose Irazu «Bernardo Atxaga" euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia hartu zuen atzo haren sorterriak. Asteasuarrak «Antzarak, zenbakiak eta letrak" izenburuko hitzaldi literarioa egin zuen eta Xabier Kintanak hartu zuen hari erantzuteko ardura. Ekitaldiak protagonistaren senideak, Akademiako kideak, asteasuar ugari zein ordezkari instituzionalak bildu zituen.

Izaro AULESTIARTE | ASTEASU

Literaturaz mintzatu zen atzoko ekitaldian euskaltzain oso berria, espero zitekeen bezala, eta literatura gaiak ere modu berean eskaini zituen, literarioki. «Antzarak ditut nik gogoan herri honetan bizi nintzen garaietatik, eta haietxek hartu nahi ditut aintzat orain ere, gaurko hitzaldi honetan». Hitz horiekin abiatu zuen ordubete inguru iraun zuen «hegaldia» Jose Irazuk, edo Bernardo Atxagak.

Alegia, antzararen hegaldi bat bailitzan, Asteasun bizi izandako haurtzaroari begira hasi zuen sarrera-hitzaldia. Eta, azken bi mendeotako zenbait pasadizo zein idazle batzuen gaineko zertzeladak gogoraraziz eman zion bide hegaztiaren ibilbideari; batzuetan antzarak begiekin ikusten edo sumatzen zuena aipatuz, eta bestetan, zuzenean berak bizi izan edota bizi dituen usteetan sakonduz.

Hasieran aipatu zuen antzarak ikusi zituen lehen aldi hartatik «urte ugari» pasa diren arren, irudimenarekin Asteasura airez hurbiltzen den hegaztiaren alboan baletor bezala mintzatu zen euskaltzain osoa.

Pedro Mari Otaño, Teodoro Mujika Zizurkilgo bertsolaria, Orixe, Lizardi, Pello Errota, Gabriel Aresti, Aita Zavala, Manuel Lekuona, Txirrita, Juan Bautista Agirre, Axular, Antonio Arrue... hainbat eta hainbat «bidelagun» aipatu eta bere sorterri zein zonaldeko beste hamaika txoko ere izendatu zituen.

Bien bitartean, herri honetan bizitako abagune politikoen zertzeladarik zein pasadizo eta bitxikeriarik ere eskaini zuen asteasuarrak, beti ere euskara, euskal literatura, edota finean, euskal kulturaren beraren egoerari buruz ere aritzeko.

Hitz jario polita eta zaindua baliatuko zuela inork gutxik jarriko zuen zalantzan ekitaldia hasi aurretik. Baina, hegaldi eta hegaldi artean, antzarak gogoeta sakonik ere izango zuen. Esaterako, hauxe esan zuen idazleak pasarte batean: «Beste xalto bat eman du antzarak, beste pentsamendu bat bururatzen zaio: ideologia politikoak estu-estutik hartzen badu hizkuntza, normalean txarrerako izaten dela. (...)». Alegia, beranduago nabarmenduko zuen bezala, «ideologia politikoa baino zerbait gehiago beharko da gure hizkuntza eta gure kultura aurrera ateratzeko».

Euskarak egun bizi duen egoerari so eginda, euskaltzain osoak zera ere erantsi zuen: «Ez zait inporta beti krisian dagoen hizkuntza bat izatea baldin eta krisi horrek bost mila urte irauten badu. `Hobeto krisian papagaioen mokoan baino' esan genezake Chateaubriandek bere memorietan kontatzen duena gogoratuz, alegia, bizitza oso luzeko papagaioek, Amazonian, ehun urte lehenago desagertutako hizkuntzetako hitzekin egiten zutela hots».

«Atezaina, ohorez eta lotsaz»

Antzara atzoko ekitaldia hartu zuen Asteasuko Usarrabi kiroldegiko frontoira iritsi zen, azkenik. Eta euskaltzain osoaren azken oroitzapenek Juan Mari Lekuona izan zuten protagonista. «Dakizuenez, Juan Mari Lekuonak erabili zuen domina hartuko dut nik gaur -atzo-, aurrez Manuel Lekuonarena izandakoa. Nire esker ona Euskaltzaindiari poz hau ema- teagatik», nabarmendu zuen.

Xabier Kintana euskaltzainak hartu zuen gero adiskide duen Jose Irazuren hitzaldiari erantzuteko ardura edo ohorea. «Ohorea esan dut, eta zinez hala da, baina aldi berean erantzukizun ez txikia ere bai -aipatu zuen horrek-. Izan ere, erakunde batean sartzeko protokoloak norbaiten ondoan aitabitxi bat eramatea eskatzen duenean, normalean datorrena hasi berria izaten da, eta horregatik bidean berak baino curriculum eta eskarmentu handiagoa duen bat hautatu ohi da zeregin horretarako. Oraingoan, ordea, begien bistan dago heldu denak lehendik barruan zegoenak baino esperientzia handiagoa eta merezimendu hobeak dauzkala, eta, beraz, ekitaldi honetan, bene-benetan diotsuet, Euskaltzaindiko atezain sentitzen naiz, apal-apalik, gurera datorren pertsonaia handi honi etxeko sarrera ohorez eta lotsaz umilki irekitzeko gertu».

Kintanak «Ekintzailearen laudorioa» izenburuko hitzaldiari eman zion hasiera hitz horiekin. Eta Jose-Bernardok -hala izendatzen zuen une oro euskaltzain oso berria- aurretik antzara-jokoan esan hainbat kontu berretsi zituen. Esaterako, hala nabarmendu zuen hizkuntzaren bizitza erabilera bera dela, denboran zehar daukan iraute historikoa bera, eta, horregatik, zenbat eta mintzairak gehiago erabili, bizitasun, grazia eta indar handiagoa lortzen dutela. «Ongi da -esan zuen- gobernuak euskararen aldeko legeak eta neurriak ateratzea, baina munduko lege guztiak ez dira nahikoa izango euskarak iraun dezan, euskaldunok gure hizkuntza edonon eta noiznahi erabili nahi ez badugu».

Euskal ekintzaileen alde

Atxaga idazleak zein Irazu pertsonak erein ibilbide oparoa ere gogorarazi ostean, Kintanak zera azaldu zuen: «Jose-Bernardorengan islaturik, euskal ekintzaileak goraipatu nahi ditut, eta beren egunean-eguneango etsenpluaz euskarari bizitza ematen diotenen laudorioa egin ere bai». Bere ustez, «garbi dago euskara euskaldunok hala gura dugun bitartean biziko dela, eta halaxe nahi dugun neurrian. Beraz, testuinguru honetan kontsideratu behar dira, ene ustez, Jose Irazuren nortasuna eta lana, garai ilunetan sorturiko euskal idazleen belaunaldiaren giroan. Batetik, herri konpromiso eta moral handiko herritar intelektualtzat, herriko seme jator eta kutuntzat, baina, aldi berean herritar normaltzat, eta ez aparteko heroi erraldoitzat. Nik behintzat, bere herriaren alde egin ahal eta egin behar duelako ikuspegitik hartzen dut Jose Irazu Euskaltzaindian, Bernardo Atxaga, neure adiskide, gogaide eta euskal idazle bikaintzat, hain zuzen».

TRADIZIOA

Udal ordezkariak eta euskaltzainak prozesioan iritsi ziren kiroldegira. Iñaki Amenabar alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hasi zuten ekitaldia, eta ohiturari eutsiz, Ana Toledo eta Jose Luis Lizundia irten ziren gero Irazuren bila. Txalo zaparradaz egin zitzaion ongietorria.

DOMINA

Hitzaldien ostean, euskaltzainburuak Jose Irazu (zein Bernardo Atxaga, biak ala biak) euskaltzain aitortu zuen, hori adierazten duten agiria eta domina emanez. Akademiako kide orok agurtu zuten gero, banan-banan.

OPARIAK

Ohorezko aurreskua, Asteasuko bertso eskolako gaztetxo baten saioa, Atxagaren «Soinujolearen semea» obrako pasarte baten irakurketa musikatua, lagunen koadro bat, asteasuarren izenean Euskal Makila, Pello Errota herri eskolako haurren, gurasoen eta abesbatzaren saioa... orok izan zuen kabida.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo