Haur eskola euskaldunak eta hezitzaileak eskatu ditu EHBEk
Haurren heziketan duten zeresana ezagututa eta umeen euskalduntzean daukaten garrantzia onartuta, EHBEk Iruñean eta Iruñerrian haur eskolek pairatzen duten egoera salatu zuten. Plaza nahikorik ez dagoela eta euskarak leku gutxi duela kexatu ziren eta euskarazko hautua egina duten herritarren nahiei eta eskaerei ez muzin egiteko eskatu zuten.
GARA | IRUÑEA
Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBEk) Iruñean egin zuen atzo Koordinazio Batzarra haur eskolen inguruan dagoen gatazka gertutik ezagutzeko asmotan. Helburu horrekin batu ziren Haur Eskolak Euskaraz Iruñeko plataformarekin, taldeak egin duen txostenaren nondik norakoak ezagutze aldera. Era berean, haur eskola euskaldun eta hezitzaileak eskatzeko elkarretaratzea egin zuten.
EHBEko kideek gogorarazi zutenez, hezkuntza eskubidea jaiotzen diren unetik dagokie pertsonei eta alde horretatik, haur hezkuntzak garapen pertsonal orekatu bat ahalbidetzen duten oinarriak finkatzeko paper nagusia betetzen duela adierazi zuten. «Urtetan zehar haurtzaindegiaren ikuspegia aldatzen joan da, umeak bere ongizate fisiko eta afektiborako behar den atentzioa emateaz gain, atentzio horiek haurraren garapena bultzatzen dutela eta testuinguru hezitzaile batean ematen dela kontsideratzen joan delarik», adierazi zuten.
Orain bi hilabete EHBEk egindako nazio mintegietan haur eskola hezitzaile eta euskaldun baten aldeko hautua berretsi zuen, baina Euskal Herriko haur eskolen egoera oraindik helburu horietatik oso urrun dagoela adierazi zuten atzo, beste behin, EHBEko kideek, Iruñea-Iruñerriako haur eskolen egoera adibidetzat jarriz. «Lehenik, aipatu behar da egiten den eskaintzak eta dagoen eskaerak ez dutela bat egiten, urtero 1.000 familia inguru geratzen direlarik beren umeen hezkuntza prozesua hasi ezinik. Horrez gain, 14 haur eskolatatik soilik 2 dira euskaraz eta biak zona berean kokatuak», azaldu zuten Haur Eskolak Euskaraz plataformak egin berri duen txostenari erreferentzia eginez.
Era berean, zabaldutako azken haur eskolan, Iruñeko Udalak gaztelera-ingelesa eredua ezarri zuela salatu zuten, «euskarazko hautua agerian zegoen arren». Eta datorren ikasturtera begira, enpresa pribatu batek kudeatuko duen ingeles ereduko haur eskola bat martxan jartzeko asmoa dutela kritikatu zuten.
EHBEk haur eskola euskalduna, hezitzailea eta herritarraren beharra aldarrikatu zuen beste behin eta Udalari herritarren nahia errespetatu dezan eskatu zion. Halaber, babesa erakutsi zion Haur Eskolak Euskaraz plataformari eta egin asmo dituzten ekimen guztiei.
Baina EHBEk atzo egin zuen Koordinazio Batzarrak aztergai izan zuen Lakuako Hezkuntza Sailak hizkuntza ereduen gainean egindako proposamena ere. Begi onez hartu dute 25 urte eta gero indarrean egon den hizkuntza ereduen politika gainditzea, baina Tontxu Camposen Hezkuntza Sailaren proposamenak argi ilunak dituela uste dute. «`Euskara hizkuntza nagusia' izango dela dio proposamenak, baina zenbat ikasgai eman beharko dira ezinbestean euskaraz? Gaur egun indarrean den B ereduan ere ikasgai gehienak euskaraz ematen dira, baina soilik hiru ikasletik bakarra, eta zonalde euskaldunetan, euskalduntzen da», gogorarazi zuten. Euren esanetan, proposamenean honakoa falta da: «irakasle eskoletako erdal adarrak berehala desagertzea; kontratatutako irakasle berri guztiak euskaldunak izango direla esatea; eta irakasle erdaldunak euskalduntzeko programa indartzea», zerrendatu zituzten, langileria guztiak euskalduna izan behar duela nabarmentzearekin batera.
Halaber, Euskal Herriaren banaketa administratiboak ikasle guztien euskalduntzea ezin duela bermatu adierazi zuten, baina, hala eta guztiz ere, ez dituztela neurri partzialak onartuko esan zuten. «Euskarak eta eskubideek ez dutelako inposatutako mugetaz ulertzen, euskararen lurraldea Euskal Herria delako, han eta hemen eskubide eta behar berdinak ditugulako, EHBEn Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde egiten jarrituko du», adierazi zuten.
Datozen hilabeteetan egin asmo dituzten ekimenak adostu zituzten EHBEko kideek, bai eta datorren hilabetean Donostiako Ibaetako Campusean egingo den 3. Euskal Unibertsoa ekimena ere.