Klima defendatzeko, garapen jasangarria bultzatu behar dela esan du G8ak
Klima defendatzeko, garapen ekonomiko jasangarria bultzatzearen beharra onartu dute G8ko Ingurumen ministroek Potsdameko batzarrean. Planeta salbatzea nazioartearen ardura dela ere esan dute.
GARA | POSTDAM
G8ko Ingurumen ministroek Potsdamen atzo izan zuten azken batzarrean, klimaren defentsarako, garapen jasangarriaren defentsa beharrezkoa dela esan zuten. Alemanian izan diren ministroen topaketa horiek Heiligen Dammen izango den gailurrerako prestaketa gisa hartu zituzten partaideek.
Gailurrean, presidentzia alemaniarrak Europar Batasunak klimaren babeserako ezarritako xedeak erakundeak onar ditzala bilatzen du. Era berean, energia-politikaren etorkizunaren eztabaida planteatuko du.
Potsdameko eztabaidak ondorio nagusi bi izan ditu, Sigmar Gabriel ministro alemaniarraren esanetan: planetaren salbazioa nazioarteak batera baino ezin duela lortu, eta klimaren babeserako aurrerapausuak ematen dituzten garapen bidean dauden herriei konpensazioak ematearen beharra.
Garapen bidean dauden herriak Europar Batasunak bultzatzen dituen helburuekin daude kezkatuta, xede horiek planetaren zenbait zonaldeen garapena ito dezaketelako, baita pobrezia areagotu ere, Gabrielek azaldutakoaren arabera. Horregatik, ministro alemaniarra garapenerako laguntza gehiago ematearen alde azaldu zen, eta herri industrializatuen emisioak orain artekoa baino gehiago gutxitu behar dituztela esan zuen.
Adibide gisa, Gabrielek Brasili egin zitzaion promesa ekarri zuen gogora, basoen mozketa gutxitzearen truke 1.200 milioi dolar eskaini baizitzaion. Bere esanetan, Brasilek %50 gutxitu du basoen ustiapena, eta horregatik, diru partidaren zati txiki bat baino ez zaio eman.
Ondorioak puztearen kontra
Britainia Handiko aditu ezagun bi aldaketa klimatikoaren kontra azaldu ziren atzo Oxforden emandako hitzaldi batean. Royal Meteorological Societyko Paul Hardaker eta Chris Collier irakasleek ingelesez AAAC siglekin ezagutzen den eta ospe handia duen zientziaren aurrerapenerako elkarte amerikarraren baieztapenak kritikatu zituzten, beren ustez, zientzian oinarririk ez dutelako.
Elkarte amerikarrak pasa den hileko kongresuan aldaketa klimatikoak sikateak, beroaldiak, uholdeak, ekaitz gogorrak edota suteak ekar ditzakeela ohartarazi zuen, handituz doazen eraginekin gizarte eta ekosistema ahulenetan. Kalte hriek gerta litezkeela esan zuen Collierrek, baina etorkizunean izan daitezkeen eraginen aurreikuspeak dauden frogen inguruan «zintzoago» izan behar dela gaineratu zuen.
«Zientzialari gisa kontu handiz aurezktu behar ditugu ekintzak eta ezin ditugu horiek puztu, horrek epe luzean sinesgarritasuna ken dezakeelako», adierazi zuen Collierrek.
Handekerrek aldaketa klimatikoaz Hollywoodek egiten duen deskribapenaz ohartarazi zuen, bere ustez, iritzi publikoa nahasten dutelako.
Munduaren beroketaren inguruan zabaldu diren alarmak gezurtatzen dituenik ere bada, Bjarne Andresen ikertzaileak «beroketari buruzko eztabaida irudikeria» dela esan baitu. Tenperaturen igoera neurtzeko erabiltzen den metodoa «zientzia baino politika» dela esan zuen. Andresenen, Western Ontario Unibertsitateko Christopher Essex eta Guelpheko Unibertsitateko Ross McKitrick irakasleen ustez, «Lurraren klima oso korapilatsua da tenperatura bakar batetaz hitz egiteko».
«Lurraren hozberoaz hitz egiteak ez du zentzurik, planeta osoan gehitu eta bataz bestekoa egin ezin den osagarriak daudelako», esan du Andresen ikertzaileak, beroketa neurtzeko metodoa zalantzan jarriz.