Hondarribia-Irun
Partida irabazita ligako bigarren lekua lortu du
A. G. | DONOSTIA
Hondarribia-Irunek bere bolada bikaina apur bat gehiago luzatu zuen atzo, Salmancako Perfumerias Aveni- daren aurka 58-52 irabazi eta gero. Zortzigarren garaipena jarraian lortuta, Emakumeen Ligako bigarren lekua eskuratu du talde gipuzkoarrak eta, bide batez, egungo liga txapeldunaren aurka saskiratze aldean ere nagusitu da.
Neurketa oso estua izan zen, nahiz eta jokoan eta markagailuan Jon Txakartegiren neskek ekimena eraman une oro. Horren errudun nagusia defentsa izan zen, Gaztelakoen erasoa behin eta berriro oztopatzea lortu baitzuten. Aldiz, erasoan Iziane Castro oso bakarrik egon zen une askotan. Hegaleko brasildarrak 18 puntu sartu zituen, ia guztiak lehen bi laurdenetan. Hala, atsedenaldira 33-31 iritsi ziren.
Hirugarren laurdenean ihesi
Gipuzkoarrek garaipena hirugarren laurdenean erdietsi zuten batik bat. Barne joko ona erakutsita, Page eta Mujanovici esker, zazpi puntuko aldea lortu zuten Txingudiko badiakoek.
Azken laurdenean, berriz, 11 puntura handitu zen etxekoen abantaila, 55-44. Alabaina, 56-51 hurbildu ziren Salamancakoak. Dena den, defentsak eta Mujanovicen saskiratze batek erabaki zuten neurketa.