GARA > Idatzia > Eskubaloia

Eskubaloia Asobal Liga

Bartzelona gehiegi zuloan dagoen Bidasoarentzat

Irundarrek ez zuten inongo aukerarik izan Kopa irabazi berri eta sasoi betean dauden katalanen aurka

BIDASOA 24
BARTZELONA 33

Aritz SORZABAL | IRUN

Ciudad Realek Artalekun egindakoa errepikatuz, Bartzelonak partidako lehen minutuak nahiko izan zituen Bidasoaren aurkako norgehiagoka erabakitzeko eta partida lasaia izateko. Taldeak duen kalitatearen ehuneko handi bat erizaindegian edo aulkian izanda -Georgescu eta Trivundza lesionatuta daude eta Stankovici atsedenaldia eman zioten-, irundarrek bihotza jarri zuten jokoan. Baina horrekin bakarrik ez dago irabazterik Kopa eskuratu berri duen eta sasoi betean dagoen Bartzelona ahalguztidunaren aurka.

Katalanek 0-3ko partzialarekin ireki zuten norgehiagoketa, eta hortik aurrera abantaila handitzen joan ziren. Itxura ona eman zuen Mikkel Aagaard fitxaketa berriak 5-7koa jarri zuen 12. minutuan, baina hori izan zen Bidasoa Bartzelonagandik gertuen egongo zen unea. 0-4ko partziala etorri zen ondoren (5-11), kanpokoen garaipen erosoaren aurrerapen gisa.

Atsedenaldira 11-16koarekin iritsi ziren Julian Ruizen jokalariak, erasoan zertxobait hobetu ondoren. Dena dela, Barrufeten geldituen eta galdutako baloi mordoen bitartez, Bartzelonak kontraerasoz josi zuen Erevikek eta Tabarandek zorte eskasarekin defendatutako atea. Partida galduta, Nilssonek jarraian lortutako sei golekin eta Aagaard daniarraren kalitatearekin gozatzeko aukera izan zuten zaleek. Horiek ondo dakite atzokoa ez zela irundarren Ligako partida. Zulotik irteteko eta mailari eusteko finalak datozen jardunaldietan etorriko dira. Orduan bai ezingo dela hutsik egin.

bidasoa

24

tabarand

Bilatzen ari diren atzerriko zentrala oraindik fitxatu ez dutenez, Tabarand bigarren atezain gisa aritu zen eta Lamariano ez zen estreinatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo