GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Heldu nazioari, transmisioari, presari

Abian da Korrika-ren 15. edizioa atzo arratsaldetik. Duela egun bi Edurne Brouard haren koordinatzaileak lasterketa horren ezaugarriak laburbildu zituen: Euskal Herri osoan egiten den ekimena da; lekukoa, helmugara heltzeko esku guztiak behar dituena, darama, eta korrika egiten da. Nazioa, transmisioa eta presa islatzen ditu, beraz.

Nazioa nazionalisten kontua omen da. Nik, ordea, amarru itxura hartzen diot horri. Nork bere nazioa ukatua ez duenean, mapetan ez ezik haren baitako herritarren imaginariotik ere desagertzeko ahaleginen erasopean ez dagoenean, ez du zertan nazioa aldarrikatu, inork ez baitu haren izatea zalantzan jartzen. Baina nazio hau, inon baino areago hizkuntzak izaera ematen diona, aldarrikatzea egokia eta beharrezkoa da. Ez dut uste nazionalisten edo abertzaleen kontua baino ez denik.

Transmisioa ezinbestekoa izan da eta da euskarak bizirauteko. Garai latzenetan ere, euskara errenta ez zenean, euskaraz egitea zigortu egiten zutenean, euskaraz jakin eta gaztelaniaz gaizki egiteagatik bere burua gorroto zuenik bazegoenean, euskararen transmisioa lan arriskutsu eta gogorra bilakatu zen. Modaren kontra, indarrean zegoen ideologiaren kontra, agintarien eta haien polizien kontra. Aurtengo Korrika-k emakumeak omendu ditu, hain zuzen transmisio lan horretan funtsezko, ezinbesteko lana egin izan dutelako: euskarak irautea haiei zor diegu neurri handian. Eta euskara suspertu eta sustatzen ere, ikastoletan eta gau eskoletan, protagonista izan dira; isil, arrandiarik gabe, baina ezin da ukatu haiei esker esan dezakegula euskara errenta dela.

Eta korrika, presaka, denborarik galdu gabe egiten da, denborari, zabarkeriari, ezjakintasunari lasterketa irabazi behar dielako.

Atzo Euskal Herrian zabaldutako mihise zuria zeharkatzen hasi zen Korrika-ren pintzela. Karrantzatik Balmasedara egin zuen bere lehen trazua eta Arabarantz jo zuen. Bere arrasto koloretsua utziz, apirilaren 1ean Iruñean euskararen herria irudikatuko duen margolan ederra bukatuko du. Dagoeneko sobera heldua, lekukoari, konpromisoari helduta, hamar egun barru helduko da Iruñera, eta noizbait iritsiko zaio AEKri euskaldunon esker ona.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo