GARA > Idatzia > Gutunak

Alaitz Tolosa eta Iñigo Balda Donostiako ezker abertzaleko kideak

Euskara berreskuratzeko politika eraginkorra

Donostian euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin dinamika politiko, sozial, kultural, eta ekonomiko eraginkorrak martxan jarri behar dira. PSE-EEk eta agintean lagundu dioten EAJ, EA, EB eta PPk ezarri duten hizkuntza politika ez da nahikoa izan. Udalak ezarri duen arren euskara ikasteko dirulaguntza-sistema unibertsala, euskaraz «zertxobait» hitz egin edota «nahiko ongi» ulertzen dutenen kopuruak ia bere horretan jarraitzen du 1981etik. Belaunaldi berrien euskalduntzeari dagokionez, unibertsitate aurreko irakaskuntzan gehiago dira euskalduntzen ez duten A eta B ereduetako ikasleak D eredukoak baino.

Erabilerari dagokionez, Udalak baino ahalegin handiagoa egin du euskalgintzak zenbait alorretan, eta horren adibide da Bai Euskarari Ziurtagiria sustatzeko lana. Erdaldun elebakarrek ez dute arazorik normaltasunez bizitzeko Donostian. Euskaldunok geure hizkuntza eskubideak aldarrikatzea inposiziotzat ikusten da, ez hala erdaldun elebakarren nagusikeria. Ofizialtasuna gazteleraren mesedetan ezartzen da.

2001etik abian da Donostian euskararen berreskurapen osoa lortzea helburu duen Euskararen Plan Orokorra. Baina PSE-EEk ez du borondaterik ezta lidergorik ere erakutsi normalizaziorako erabakiak behar den indarrez ezartzeko, itxurakerietan ibili da. Horren adibide dira udalaren barne euskalduntze-planaren atzerapena; udal agintari eta ordezkari gehienek ez ezagutzea euskara; euskararen ordenantzak ez betetzea; aurreikusi baino gutxiago gastatu izana planean; udalak antolatutako jai, ikuskizun eta ekimenetan euskara azken portu izatea; euskarazko dokumentuak gaztelerazkoak baino beranduago sortzea; San Sebastian jartzea hiriaren markatzat...

Donostialdeko Baga Boga herri ekimenak euskararen aldeko apustu argia egin eta helburu horretara iristeko ekarpena egiten du, hizkuntza politika berria. Udal plan eraginkorragoa egin nahi dugu, euskara irabazpidean jarriko duen inflexio-puntua bermatzeko. Hiriko sektore guztietako ordezkariekin eta euskalgintzarekin batera berritu behar da plana, euskararen egungo egoera eta egoeraren bilakaera erakutsiko dizkigun argazkitik abiatuta. Azterketa horrekin helburu estrategikoak berraztertu, lehentasunak berrikusi eta inbertsioak non egin eta nola banatu erabaki behar da. Gainera, udal plangintzaren eraginkortasuna ebaluatzearen aldekoak gara. Ebaluazio jarrai horretan parte hartu behar dute udalak, hiriko sektoreetako ordezkariek eta Donostiako euskalgintzan diharduten enpresa eta elkarteek. Euskararen etorkizuna bermatzeko lana eraginkorragoa izango da prozesu horretan parte diren eragile guztien parte-hartzearekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo