GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erdiz Bizirik-en manifestazioa bihar Erdizagako meatzearen aurka

Magna enpresak Baztango Erdiz mendian ireki nahi duen meatzeari gaitzespena adierazteko Erdiz Bizirik plataformak kalera ateratzeko deia egin du. Ezker abertzalea, EHNE eta talde ekologistek bat egin dute.

GARA|

Baztango Erdiz mendian (Irurita eta Aldude artean) aire librean ireki nahi duten meatzearen kontra agertu dira bailarako biztanleak, eta Erdiz Bizirik plataforma sortu dute. Baztango ezker abertzalea eta Aralar taldeak bat egin dute gaitzespenarekin, eta Nafarroako EHNE, Gurelur, Lurra eta Ekologistak Martxan ere beren alde agertu dira. Larunbatean manifestazioa izanen da Elizondon, 16.00etan, Foruen Plazatik abiatuta.

Magnesitas Navarra (Magna) enpresak Erdizaga ingurunean magnesita ateratzeko proiektua aurkeztu zuen. «Artesiagako Magnesitas» deitu zuten beren egitasmoa, eta mineral horren abantailak eta garrantzia aipatzearekin batera, bailaran lanpostu berriak sortuko dituela izan da enpresak meatzea irekitzeko aurkeztu dituen arrazoiak. Magnesita toki gutxitan agertzen dela eta ingurumenarentzat ona dela argudiatzen dute, eta enpresaren lana egiteko modua ere inguruarekiko errespetagarria dela azalduz.

Ez dira iritzi berekoak Baztango biztanleak. Bailarako Batzar Nagusiak egitasmoa aintzinera eramateko baimena ukatu zuen, nahiz Auzitegi Administratiboak enpresaren alde egin zuen. Ezker Abertzalea eta Aralar taldeak ere meatzearen kontra agertu dira. Arrazoi nagusietako bat, inguru horrek Aldudeko Garrantzi Komunitarioko Tokia (LIC) eta Nafarroako Zainketa Bereziko Eremua izendapenak dituela da, eta beraz, babestutako gunea izan behar duela.

Baserritarrentzat beharrezkoa

EHNE sindikatuak adierazi bezala, «bertan jarduten duten abeltzainek beren lana mugatua dute inguruarekiko errespetua dela-eta izendapen horiek duten araudiarengatik. Nola uler daiteke bueltarik gabeko kalteak eragingo dituen meatzea zilegi izatea?». Ezker abertzaleak ere Erdizagak duen garrantzia jakinarazi zuen: «bazkaleku gisa erabiltzeko bailarako ordenentzen bitartez arautua den leku bakanetarikoa da; baserritarrek urtez urte zorrotz zaintzen dute, bazkalekuon beharra dutelako. Ordenantza hauek bazka ustiapenaren eta zaindu beharreko animali eta landaretza espezien arteko oreka mantentzea bilatzen dute». EHNE ere iritzi berekoa da, bere hitzetan «meatzaritzak baino lanpostu gehiago sortzen ditu abeltzaintzak, eta gunearen ustiapena modu egokiagoan gertatzen da. Nafarroako Gobernuak Zaindu Beharreko Eremua izendapena eman dion parajea zaintzeko gure baserritarrek egindako lana baino garrantzitsuago al dira ustezko lanpostu berri horiek?».

Talde ekologistek proiektua ilegala dela jakinarazi dute, eta Udalaren erabakia dela legea betetzea edo ez. Gainerako taldeek Udalak meatzearen kontrako neurririk ez hartzea salatu dute.

legez kanpokoa

Talde ekologistek Virginia Aleman Baztango alkateari meatzearen proiektua ilegala dela eta horren ardura bere gain duela jakinarazi zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo