Jon LEUNDA
Izotz-hockeyko euskal taldeentzat urte kaskarra izaten ari da
Izotz-hocekyko euskal taldeentzat, ezin esan urte ona izan denik. Frantziako Ligan, Hormadik jaitsierako kanporaketako bosgarren partida jokatu beharko du, eta galtzen badu, maila galduko du. Espainiakoan, Txuri Urdinek ez du Ligako finalik jokatuko, eta kopan, ikusgai dago
Izotz-hockeya ez dabil indartsu; ez behintzat Euskal Herrian. Bi talde besterik ez daude, eta ezin esan denboraldi ona egin dutenik. Hormadik, talderik onenak, Elite Liga ia galduta dauka, eta Txuri Urdinek, ezin izan du Superligako finalera heldu, eta Kopan ere larri dabiltza.
Beraz, ez Frantziako Ligan, ez eta Espainiako Ligan ere, euskal taldeak ez dira batere fin ibili, eta askoren ustez, kezkatzeko arrazoiak egon badaude, baina Carlos Gordobilen esanetan, ez omen dago kezkatu beharrik. Bera, bai Hormadiko baita Txuri Urdineko entrenatzailea izan zen ere. Biekin garaipen handiak lorturtakoa da. Donostiko taldean dena irabazi zuen, eta Angelun, berriz, taldeak izan dituen urterik onenak berarekin eman ditu. Bordelen ere aritu zen entrenatzen, eta hango urterik onenetan ere donostiarra zen entrenatzailea. Bere esanetan, gauzak lasai hartu behar omen dira, eta etorkizun iluna ez omen du ikusten.
«Hasteko esan behar da, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko arazoa ez dela berdina. Ipar Euskal Herrian talde profesional baten aldeko apustua egin zuten, eta aurten gauzak okertu egin ziazkie. Orain taldetik kanpo nago, eta ezin dut esan zehazki zer gertau den, baina ez da erraza. Errugbiak indar handia dauka, eta babesle handi asko haiengana doaz, izan ere, Biarritz eta Aviron hor egoteak hockeyari ez dio mesede egiten, baina uste dut aterako direla», dio.
Izan ere, maila galtzen badu ere, ez baitu uste atzean geratuko denik: «Angeluko udalak beti lagundu izan dio hockeyari, eta jarraituko duela uste dut. Hor badago futbolarekin ere proiektu bat, baina hori arriskutsuagoa izan daiteke. Beraz, Hormadik aurrera jarraituiko duela uste dut, eta jaisten bada saiatuko dira berriro igotzen. Gero, kantxan maila galtzen badu ere, ikusi beharko da jaisten den edo ez, izan ere, zorrez betetako talde dezente baitaude, eta diru aldetik Hormadi ongi baldin badabil, onenen artean jarraitzeko aukera ere izan baitezake», esaten du Gordobilek.
Hego Euskal Herrian hiru talde ere izan ziren bere garaian. Txuri Urdin, Casco Viejo Bilbokoa eta Gasteiz. Bizkaitarrak aspaldi desagertu ziren, eta Gasteiz, berriz, hor dabil nahi eta ezinean. Txuri Urdin, berriz, lehen lortzen zituen garaipen haiek lortu ezinik dabil. «Txuri Urdinek lana ongi egin du, eta emaitzak helduko dira, jokalari gazte oso onak dituelako. Une honetan jokalari beteranoak, eta gazteak daude taldean. Nolabait esateko, tarte horretako jendea falta da, eta hori nabaritzen da. Orain dauden gazteak heltzen joaten direnean, emaitzak helduko dira, jokalari oso onak baitaude», azaltzen du Gordobilek.
Geroari begira
Gasteizko egoera bestelakoa dela dio entrenatzaile donostiarrak: «Gasteizen gauzak ez dira ongi egin, eta hori nabaritzen da. Beheko mailetan ongi ari dira, baina maila nagusian talderik ez izatea nabaritzen da. Tauk kirol honekiko proiektu bat agertu du, eta oso garrantzitsua izan daiteke», esan zuen.
Beraz, Euskal Herriko, eta inguruko herrialdeei begira jarrita, kirol hori ez du gaizki ikusten: «Euskal Herrian, bertan, uste dut, Angeluk aurrera jarraituiko duela, izotz-hockeyak esan nahi handia baitu han. Donostian, Txurik, gazte hauek heltzean emaitzak helduko dira. Gasteizen ere, azkenean Tauren asmo horiek betetzen badira, gauzak hobetuko direla uste dut. Orain Iruñean indartu nahi dugu kirol hau, eta horretarako Espainiako Kopako finala han jokatuko da. Bilbon ere izotz-jauregi baten inguruko zerbait badago, beraz, apurka-apurka aurrera doala esan genezake», esaten du Gordobilek.
Izan ere, Piriniotako Liga bat abian jartzeko gogoz dabiltza. Aspaldiko egitasmoa da, baina badirudi horrek indarra hartu nahi duela. Han, Espainiako Ligako hamar bat talde eta Frantziako Ligako beste horrenbeste izango omen lirateke. Hemen inguruan, gainera, Logroñon ere izotz-jauregia amaiatzear da, eta Bordelen ere kirol hori berriro indartu da, eta honelako Ligak lagunduko die.