GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Binakakoa

Faborito nagusiak lehian sartuko dira Arrangoitzen

Larretxea-Ezkurra II.a eta Sorhuet-Ozafrain gaur arituko dira lehen aldiz aurtengo lehiaketan, eta ez dituzte batere norgehiagoka samurrak izango

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Litekena da gaur bertan Binakakoen finalerdietan izango diren batzuen izena jakitea, izan ere, ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko baita bi multzoetan, gaur Arrangoitzen, 19.00etatik aitzinera.

Larretxea eta Ezkurra, txapela lortzeko faborito nagusiak, gaur izango dira lehen aldiz lehiaketa honetan. Aurrez aurre, berriz, Etxeberri eta Istillarte. Biko hau da orain arte partidarik gehien jokatu duena. Lehen fasean bi kanporaketa jokatu behar izan zituen, eta biak irabazi egin zituen, nahiz eta bietan ez ziren faborito.

Ligaxka ere ezin hobeto hasi dute, joan den igandean mendean hartu baitzituzten Waltari eta Etxeto. Haiek, bere helburua beteta datoz, nahiz eta finalerdiak horren gertu izan, txartelik lortuko ez balute, kolpe handia litzatekeen.

Gaur galduta ere, finalerdietan izateko aukerakekin jarraituko lukete. Horretarako, azkeneko jardunaldian Larretxeak eta Ezkurrak Waltariri eta Etxetori irabaztea nahikoa lukete. Galduko balute, hiru bikoak puntu banarekin geratuko lirateke, eta orduan tanteoei begira hasi beharko litzateke.

Larretxea eta Ezkurra, ordea, faborito garbiak dira. Urruñako atzelaria Bakarkakoa irabazita indarrez datoz. Aurrean, gainera, Larretxea izango du, eta horrek lasaitasuna eman behar dio. Partidan, hastapenetik hasi nahi dute agintzen, gero ezusterik izan ez daitezen.

Etxeberrik eta Istillartek, berriz, badakite zaila dutela irabaztea, baina ez ezinezkoa, eta presiorik gabe kantxaratu nahi dute, orain arte erakutsi dutena erakusten jarraitzeko asmoarekin.

Sorhuet eta Ozafrain

Bigarren partida ere lehenengoaren tankerakoa da. Hemen ere Sorhuet eta Ozafrain baitira faborito, eta hauek dira, adituen ustez, Larretxeari eta Ezkurrari aurre egin diezaioketen bakarrenetakoak.

Hala ere, kontuz ibili beharko dute, Idiart eta Dermit indartsu heltzen baitira norgehiagoka honetara. Lehen fasean kanporaketa bat gainditu behar izan zuten bigarren fasean sartu ahal izateko. Gero, ligaxkan, lehen partidan ezuste latza eman zuten Ibarrola-Kurutxariri irabazita. Garaipena nola lortu zuten ikusita, oso kontuan hartu beharreko bikoa zela erakutsi zuten. Gaur irabazten badute, jadanik finalerdietan izango dira, eta galtzen badute, berriz, azkeneko jardunaldiko emaitzen zain egon beharko dute.

Sorhuet-Kurutxarirentzat lehen partida da, eta hori beti izaten da arriskutsua, eta are gehiago besteak jokatuta baldin badatoz, nahiz eta gaur faborito aterako diren. Sorhuet bikain ari da, eta Ozafrain atzelaririk onenetarikoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo