GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Hiruna kanporaketa jokatuko dira Asteasun eta Lekunberrin

J.L. | DONOSTIA

Urrezko Aizkoran, bigarren kanporaketen txandak izango dira asteburu honetan, eta hiruna kanporaketa jokatuko dira Asteasun eta Lekunberrin, nahiz eta Gipuzkoan, bat 18 urtez azpikoena izango den.

Asteasun, jaialdia bihar 22.30ean hasiko da, eta bertan maila nagusiko bi kanporaketa eta 18 urtez azpikoen bat jokatuko dira.

Maila nagusiko lehiaketak oso erakargarriak dira. Alde batetik, Joxe Ugarteburu Toledanoren aurka neurtuko da. Zaleentzat agian hori izan daiteke erakargarriena. Alde batetik Ugerteburu izango baita. Joan den astean Mendieta menderatuta dator, eta bestetik Toledano segoviarra izango da. Honek lehen kanporaketa jokatuko du, eta ikusgai dago bere lana nolakoa izango den, ez baita batere ezaguna Euskal Herrian.

Aizkolaririk Azkarrenaren Nazioarteko Lehiaketan izan zen Tolosan, eta goi mailako aizkolari batzuk utzi zituen bazterrean, baina orain lana ez da bera izango.

Beste kanporaketa ere polita izango da, bertan Aierbe II.a eta Mugertza II.a neurtuko baitira. Ataundarrak lehen kanporaketan Elorriaga menderatu zuen, eta indarrez helduko da Asteasura, garaipena lortzeko asmoarekin.

Jaialdia biribiltzeko, 18 urtez azpiko kanporketa bat ere jokatuko dute. Bertan, aurrez aurre izango dira Alkizalete II.a eta Alejandro Mindegia. Alkizalete herritarra da, eta bertako jendeak ikusi nahi du. 17 urteko gazte hori, Binakako Urrezko Aizkoran plazaratu zen lehen aldiz.

Alejandro Mindegiak, aldiz, 16 urte besterik ez ditu. Abizenak bestelakorik pentsatzea eman baldin balezake ere, Miel Mindegiarekin eta bere familiarekin ez dauka zerikusirik.

Beste hiru neurketa

Etzi eguerdian, 12.30ean hasita, Lekunberriko pilotalekuan izango dira beste hiru norgehiagoka, eta kasu horretan, helduenak.

Xabier Mindegia Rodriguez I.aren aurka neurtuko da. Labaiengoarentzat lehen kanporaketa izango da hori, eta segoviarrak, berriz, bigarrena jokatuko du.

Jon Rekondo, berriz, Joxemari Esnaolarekin lehiatuko da. Leitzarrak lehen aldiz jokatuko du aurten, eta maila honetan aritzeaz gain, 23 urtez azpikoetan ere hartuko du parte. Esnaolak, jadanik badu kanporaketa bat gaindituta.

Azkenik Etxeberria eta Barberena izango dira aurrez aurre, eta agian hau izango da saiorik erakargarriena. Sunbillakoa urte mordoa aizkora utzita egon ostean, gogotsu itzuli da, eta Barberena, berriz, hor dabil, onenen artean. Aizkolariek aurrekanporaketako lan bera izango dute. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu. 45 ontzakoa erlojuz kontra, 45 otzakoa zutik, eta azkenik bi kana-erdiko eta 60 ontzako enbor bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo