Munduko kulturei begiratzeko leihoa izango da Aretxabaleta
Munduko bazter guztietako musikak, antzerkiak, gastronomiak eta artisautzak Aretxabaletan (Gipuzkoa) izango dute topagune ekainaren lehenengo asteburuan, Mundumira jaiaren 3. edizioan. Horretaz gain, eztabaidak, umeentzako jolasak, kirol lehiaketak, liburu azokak, elkartasun txokoa eta Debagoiena eskualdeko ondare naturala eta kulturala ezagutzeko ibilaldiak ere izango dira. Aurreko urteotan bezala, ekitaldi gehienak kalean egingo dituzte.
GARA | ARETXABALETA
Munduko kulturen festaren agertoki nagusiak Aretxabaletako kaleak eta plazak izango dira. Artisautza eta gastronomia azokak, senderismoaren gaineko gunea eta Munduko Janarien Jaima izango dira aurten ere. Musikarako tartea ere egongo da asteburu osoan. Egunez kalejirak eta fomatu txikiko ekitaldiak; eta ilunabarrean, ostera, kontzertuak izango dira.
Mundumirako espiritua ondo islatzen dute musika emanaldiek, bazter guztietako taldeak arituko baitira. Adibidez, DAM hip hop talde palestinarra, Cabo Verdeko Mariana Ramos kantaria, Jaipurko (India) Brass Band taldea, Bartzelonako Orkestra Arabiarra edota Gecko Turner Extremadurakoa, Afrika eta Brasilgo dantzarako musika mestizoa musika elektronikoaren ukituarekin egiten dutenak.
Hori ez ezik, Kiko Veneno kataluniarrak diskoa aurkeztuko du, «Un hombre invisible», eta Euskal Herritik ere ordezkariak izango dira: Tomas San Miguel trikitilariak eta TTukunak taldeko txalapartariek batera joko dute.
Mendizale eta bidaiazaleek ikus-entzunezkoen proiekzioak, argazki erakusketak, ikastaroak, mahai-inguruak eta mendi irteerak izango dituzte eskura. Debagoieneko elkarteak, mendi klubak eta turismo bulegoak indarrak batu dituzte bertaratzen direnei eskualdea erakusteko. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Boulder (eskalada mota bat) txapelketaren finala jokatuko dute Aretxabaletako Iturrigorri kiroldegian.
Bestalde, Munduko Janarien Jaiman eta Elkartasun Foroan Debagoieneko eta Euskal Herri osoko elkarteak egiten ari diren kooperazioko lana eta egitasmoak ezagutzeko parada izango da.
Lekua: Aretxabaleta.
Data: ekainaren 1etik 3ra.
Guneak: Artisautza gunea, munduko zaporeena, elkartasunarena eta mendikoa eta bidaietakoa.
Sarrera: Ekitaldi guztiak doakoak dira.
Aurtengo Mundumiran antolatuko dituzten dozenaka ekitaldiren artean badira nabarmentzeko moduko batzuk. Munduko janarien dastatzeak, esaterako, ekainaren 1ean eta 2an izango dira. Egun horretan bertan aurkeztuko dira Mundumira elastikoak. Salmentaren irabaziak herrian izango diren Gobernuz Kanpoko Erakundeen kooperazio egitasmoren bat laguntzeko erabiliko dira.
Festicultores Troupe Galiziako animazio taldearen ikuskizuna ere aipatzekoa da, «Rumaniacos». Balkanetako ijitoen musika, reggae, ska, cumbia eta pasodoblearekin nahastuta, Emir Kusturicaren filmen giroa lortzen du taldeak. Balkanetako doinuak ekarriko dituzte Euskobalcanic-ekoek, baina oraingoan euskal musika tresna tradizionalekin nahasita.
Aretxabaletan munduko kulturen jaialdia egiten duten bitartean, ondoko herrian, Eskoriatzan, XI. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Artisautza azoka egingo dute, ekainaren 2an, larunbatean. Ganadua ikusteaz gain, okela dastatu ahalko da Aretxabaletako Gernika plazan ekainaren 3an, igandean. Mendiko Azokaren barruan izango da ekitaldi hori, eta Eusko Labeldun txahal bat erreko dute goiz osoan gero jendearen artean banatzeko. Haurrek munduko jolasak eta antzerkia izango dute.
Mendi irteerak gustuko dituztenek hiru egunetan goizero bana egin ahalko dute. Lehenengoa Hiru Templuen ibilaldia (45 kilometro) izango da. Andarto Deguritxatik mendi igoera ere antolatu dute egunotarako, eta Arrikrutzeko kobazuloak ikusteko aukera izango da Oñatiko Natur Eskolaren eskutik. Murrukixo mendi-taldeko kideek, bestalde, Kurtzebarri-Aranguren igoera prestatu dute azken egunerako.
GARA