GARA > Idatzia > Kultura

Maimorables jaialdiak herritarren parte-hartzea izanen du oinarri berriz

Maiatzaren 2tik ekainaren 3ra kulturaren demokratizazioa helburu duen Maimorables jaialdiaren 7. edizioa izanen da Baionako kaleetan. Gazteak artistikoki adierazteko hiru txapelketa antolatu dituzte.

Idoia ERASO | BAIONA

«Hizkuntza bat sortu, sormena bultzatu; Maimorablesek hitza eman nahi die gazteei» adierazi zuen Baionako Eszena Nazionaleko presidente Jean-Michel Magatek maiatza gogoangarri egin nahi duen jaialdiaren nahia azaltzeko eta antolatu ekimenen xedea gogora ekartzeko. Hiru ekimen nagusi izanen dira jaialdiaren muina, nahiz eta beste ekitaldi asko ere izanen diren. Batzuk hiritar eta gazteek eginak izanen dira eta beste batzuk artista ezagunen eskutik helduko dira, kaletarren gogoeta artistikoekin bat egiteko.

Talentu Gazteen Trofeoak normalean etxe eta ikasgeletako hormen artean gelditzen diren adierazpen plastikoak saritu eta ezagutzera eman nahi ditu. Horretarako Baionako hirian zehar hainbat erakusketa antolatuko dira. Hip Hop Battle-ak Euskal Herri osoko Hip Hop dantzari taldeak Baionara dantzatzera ekarri nahi ditu eta hoberenak 1.000 eurorekin sarituko dituzte. Bost pertsonaz osatu dantza taldeek aurkezpen idatzi bat ezagutarazi beharko dute. Azkenik Musiken Deialdia Tremplinak mota ezberdin guztietako musikak egiten dituzten taldeen txapelketa izanen da. Hogeita hamar urte baino gutxiago dituzten gazteek haien taldearen maketa bat aurkeztu beharko dute.

«Jaialdiak antolatzen dituen trofeo eta txapelketen bitartez gazteek adierazpide artistiko ezberdinak entsaiatu ditzaten bilatzen dugu, horrekin karrera bati hasiera eman diezaiokete edo besterik gabe esperientzia berriak bizi» hitzekin azaldu zuen Jean-Michel Magatek jaialdiaren xedea.

Gazteak jaialdiko helburu nagusia badira ere, orokorrean Baionako alde txiroenetako biztanleengana ailegatu nahi du MaiMorablesek. Izan ere, klase sozial ezberdinen arteko erlazioa ere lagundu nahi baitu jaialdiak. Hasteko Gurutze Saindu Garaiko auzoetan eginen dira ekitaldi gehienak, nahiz eta aurten Bokale eta Angelura ere irekiko diren. Bestalde jaialdiaren aurtengo irudiak auzo horietan dauden pisuetako eraikin handiak erakusten ditu.

Jaialdiaren irudia

Emilie Damestoy izan da aurtengo irudiaren sortzailea, baita azken urteotako Talentu Gazteen Trofeoaren irabazlea ere. Irudiak agertzen dituen pisuetako eraikin handietatik hariak ateratzen dira jaialdiak sortu nahi duen giroaren adierazgarri izan dadin. Hau da, arte adierazpen guztiak haien etxeetatik kanpora atera nahi dituen jaialdiaren irudia.

Demokratizazio kulturalarekin batera zenbait gizarte talderekiko nahasketa bilatzen du MaiMorablesek, eta Emilie Damestoyk horren eredua ere eskaintzen du, entzumenaren ahalmena galdua izanik besteak garatuta bere tokia egin du artearen munduan.

Aurtengo programa oraindik ezagutzeke badago ere, apirilaren bukaeran arkeztuko dute. Lehiaketetan izena emateko garaia ireki dute heldu den apirilaren 16a arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo