GARA > Idatzia > Zinema

«%100 Ingurune Mobila", sakeleko telefonoaz sormena sustatzea xede duen ekimena

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Nerabeek sakeleko telefonoari ematen dioten erabilpena anitza dela ikusita, Amastek eta Synmarcek sormena garatzeko bidea zabaldu nahi dute. «%100 Ingurune Mobila» deitu diote ekimenari eta «mobilmetraia» izendatu dute sakeleko telefonoaren bidez egindako grabaketa. Egitasmoaren helburua nerabeek inguruan dutenari begirada bat eman eta, sormena erabiliz, film labur bat buru dezaten da.

Ekimenaren koordinatzaile den Ivan Barriok azaldu duen legez, «azkenaldian entzuten ari gara nerabeek eta gazteek sakelekoa jipoiak eta halakoak grabatzeko soilik erabiltzen dutela, eta guk proiektu honekin esan nahi dugu beste erabilpen bat eman ahal zaiola». Aldi berean, nerabeen ikuspegia islatuko duen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren gaineko artxibo grafikoa osatu nahi da.

Gaiari dagokionean, erabat librea dela azaldu du: «Beren herria aintzat hartuta, gehien edo gutxien gustatzen zaiena, lagunartea, elkarrizketaren bat... Nahi dutena, baldin eta euren ingurukoa bada». Oinarria errealitatean izanda ere, fikzioak sor daitezkeela gaineratu du.

Ekimena sarean gauzatuko da bere osotasunean, epe laburrean abian jarriko duten www.ingurunemobil.com orrialdearen bidez eta lurralde bakoitzeko gune bat ere sortu omen dute -loturak aipatutako orrian aurki daitezke-. Barrioren hitzetan, lehiaketa sarean egiteak komunikazio horizontala sustatzea du helburu: «Denok izan gaitezke kazetari; teknologia berriek ematen dizkiguten aukerak erabili ditzakegula erakutsi nahi dugu».

Parte hartu ahal izateko aldez aurretik web-orrian eman behar da izena eta, behin lan guztiak batuta, alde batetik «mobilmetraia» onena eta euskarazko lan bikainena sarituko dira eta, bestetik, ikus-entzuleen saria ere izango da. Lanak sarean izango dira ikusgai eta bozketa ere bertatik egingo da.

Fitxa

«%100 Ingurune Mobila»: Sakeleko telefono bidezko film laburren lehiaketa, Amaste eta Synmarc-en ekimenez sortua eta Artium, Lakua eta Bizkaiko Diputazioak lagundua.

Parte hartzaileak: 12-18 urte arteko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako nerabeak.

«Mobilmetraiak»: Sakeleko telefono bidez egindakoak, gai librean eta gehienez minutu bateko iraupena dutenak. Euskaraz zein gazteleraz.

Epeak: Lanak www.ingurunemobil.com web-orrira bidali behar dira ekaina

baino lehen.

Sariak: «Mobilmetraia» onenari saria, euskaraz egindako lan onenari saria eta ikus-entzuleen saria.

Proiekzioak: «EITB Kultura» saioan emango dira lan sarituak. Beste zenbait proiekzio-bide dituzte eskuartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo