Hizkuntz eskubideak hizkuntza guztienak dira
Euskal Herria ez da bere hizkuntzaren osasunari eta are iraupenari begira egon behar duen Europako herri bakarra. Izan ere, euskara ez da herritarren ahalegin etengabearen bermea behar duen hizkuntza bakarra. Bressola Ipar Kataluniako katalanezko eskolak biltzen dituen sareak hizkuntza horren egoera negargarria salatu berri du. Estatu frantseseko gainerako hizkuntza gutxituei bezala, ez diote ofizialtasunik onartzen, Ipar Kataluniako herri gehienetan ez dago katalanezko eskolarik, ez bigarren Hezkuntza katalaneraz egiterik, eta Hego Kataluniako instituzioen utzikeria sumatzen dute. Antzeko egoera salatatu dute Okzitaniako hainbat erakundek beren hizkuntzari dagokionez, eta kezka horren lekuko izan ziren duela zenbait egun Beziersen bildu ziren 20.000 lagunak. Hizkuntza horiek bizirik daude, logikaren kontra, hau da, estatuen logika uniformizatzailearen kontra, oztopo ekonomiko eta legalen kontra. Eta herritarrei esker soilik. Katalanaren egoera Ipar Katalunian, okzitanierarena, bretoierarena, alsazierarena... ondo baino hobeto ulertzen dira Euskal Herrian; eskubideak, kultura eta antzeko hitz arranditsuak etengabe ahoan dituzten arduradun instituzionalen politika beraren biktima baita euskara ere. Estatuetako instituzioek berentzat hartzen baitute eskubidea zer den eta zer ez erabakitzeko eskumena.