GARA > Idatzia > Euskal Herria

Salmentarako 350 etxebizitza sozial egingo dira Lapurdin

GARA |

Hendaia, Urruña eta Donibane Lohizune aldean 300 bat etxebizitza sozial egingo dira, eta Mugerre eta Hiruburu aldean beste 50 bat. Etxe horiek saltzeko izanen dira, horren bitartez gazteek jabetza eskuratu ahal izan dezaten. Etxeen prezioak 115.000 eta 135.000 euroren artean ibiliko dira eta gainera Kontseilu Nagusiak 2.000 eta 3.000 euro arteko laguntzak emango dizkie erosle batzuei.

Departamenduko Kontseiluak eta Akitania Hegoaldeko Higiezinen Kredituak (CIAS) sinatu hitzarmenaren bitartez %0ko intereseko kreditua lortzen duten pertsonek Kontseilu Nagusiko diru laguntza jasotzen badute beraien kredituaren kopurua bikoiztu ahal izanen dute.

Ipar Euskal Herrian egiten diren etxebizitza sozial asko alokatzeko izaten dira, baina horrelako ekintzek gazteek haien etxeak izan ditzaten egiten dira. Aurten hasiko dira eraikinak egiten, eta 12 hilabeteko lana beharko dutela aurrikusten da.

Eskaera aurkezten duten bikoteek 3.300 euro baino gutxiago irabazi behar dituzte hilabetero %0an den kreditua lortu ahal izateko. Behin mailegua lortuta, etxea lortzeko eskaera plazaratu ahal izanen dute. Etxea lortu ondorenn berriro saldu baino lehen bederen 10 urte itxaron beharko dute erosleek eta HLM bulegoak etxea erosteko lehentasuna izanen du.

Mugerren eta Angelun 14 bat hektarea erosteko eskubidea lortu du Kontseilu Nagusiak ekimen bera bultzatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo