Irrist-kiroletako industriara bideraturiko lehen gunea zabalduko dute Angelun
GARA |
Baia Park du izena eta, MIGeko arduradunen esanetan, «irrist-kiroletako industria bilduko duen jarduera gune bakarra da munduan». Angelun zabaldu dute eta dagoeneko enpresa amerikar bat instalatu da bertan.
Angeluko auzapez Robert Villenavek harrotasunez adierazi zuen bezala, «ez da kasualitatea Baia Park Angelun ezarri izana, surf-aren hiria baita gurea. Ez ahantzi bertan antolatu zela, 1968. urtean, lehen mundu-txapelketa».
Jean-Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko lehendakaria, Marc Cabane prefeta eta Jean-Marie Berckmans Merkataritza eta Industria Ganberako (MIG) lehendakaria alboan zituela zabaldu zuten, herenegun, Baia Park izeneko jarduera gunea.
Surf, skate, snow...
Irrist-kirolekin, hots, surf, skate, snow eta antzekoekin, zer ikusia duen industriagintza egongo da hiru hektareako eremuan.
MIGeko lehendakariak adierazi zuenez, «horretan diharduten profesionalen esanetan, munduan industria horretara soilik bideratutako gune bakarra omen da Angelukoa». MIG izan da, bertako erakundeekin batera, proiektuaren bultzatzaile nagusietakoa.
Dagoeneko, enpresa amerikar bat instalatu da. Volcom du izena eta irrist-kiroletan espezializatutako jantziak egiten ditu. kalifornian sortu zen enpresak Marseillan badu beste lantegi bat baina, Richard Woolcott zuzendariak adierazi zuenez, txikia geratu zaie eta Europan hedatzeko premia zuten.
Ezaguna Europan
Angelu aukeratu badute, Donibane-Lohizune eta Hossegor tarteko itsasertzak kirol mota hauengatik Europan duen sona eta eraginagatik izan da, besteren artean.
Bertako erakundeek emandako erraztasunak ere aipatu ditu oraingoz berrogei bat langile dituen enpresa horrek. Urte bukaerako beste horrenbeste izatea espero dutela gaineratu zuen. Zabaldu berri duten eraikinak 2.000 metro karratu dituen arren, aurreikusita duten jarduera garatzeko handitzea aztertzen ari direla ere esan zuen Woolcottek.
MIGeko arduradunek iragarri zuten beste bi enpresen kokapena: Brotherhood argitaletxea eta Mada enpresa amerikarra. Esan zutenez, laster ezarriko dira Baia Parken eta, gainera, beste biekin ere negoziazioak oso aitzinatuak dituzte. Beste bi enpresa horien izenik ez zuten eman nahi izan.
Enpresa txikiagoentzat ere eraikin bat egingo dute. Eraikin horretan zerbitzu komunak eskainiko dira: bilera-gelak, erakusketa aretoak, haurtzaindegia eta langileentzako jantokia. MIG arduratuko da eraikin horren gauzatzeaz eta datorren urteko amaierarako bukatua izatea espero dute.