GARA > Idatzia > Kultura

Iñaki Etxezarragak urrats berri bat egin du bere ibilbidean «Bidea eginez" diskoarekin

Iñaki Etxezarraga «Etxe" bakarlariak «Bidea eginez" izenburuko lana kaleratu du Oihuka sigiluarekin. Hamabi kanta batu ditu popa eta rocka uztartzen dituen estreineko disko luze honetan.

Izaskun LABEAGA | BILBO

2005ean argitaratu zuen bere lehen lana Berrizko musikariak. Maketa hartan bost kanta besterik ez zituen jaso. Hala ere, material hura oinarri hartuta, kontzertuak eman zituen han eta hemen eta bitartean sortzen jarraitzen zuen.

Esfortzu bikoitz horrek fruituak eman ditu eta esku artean du, dagoeneko, bere lehen CD luzea. ``Bidea eginez'' izenburuarekin jarri du merkatuan Oihukak.

Etxek Seiurte taldeko Iokin eta Iñaki Elortzaren laguntza izan du lan hori egiteko. Izan ere, anaien Estoldetan estudioan grabatu du ``Bidea eginez'' haien gidaritzarekin. Masterizazioa, ondoren, Elkarren estudioan egin du.

Kantaria Bilbon izan zen atzo diskoa aurkezten. Aitortu zuenez, oso garrantzitsua izan da berarentzat Berrizko estudioan bizi izan duen «lagunarteko giro» hori. Gainera, zuzenekoetan alboan eraman dituen musikariekin egin du grabazioa.

Unai Uribek (gitarra), Christian Martinek (baxua) eta Lander Petralandak (bateria) osatu dute Etxeren banda. «Nire izena eta aurpegia agertzen badira ere, niretzako talde-lana oso garrantzitsua da -azaldu zuen-. Zuzeneko taldea sortu nuenean argi neukan lagun giroko taldea nahi nuela, musikari profesionalak izan gabe ere».

Hamabi kantak bakarlariak berak idatzi ditu. Rocka eta popa uztartzen ditu aurkezpen disko honek. Indar handiko melodiak eta doinu intimoak tartekatu ditu bizipen propioak eta emakumearen aurkako biolentzia edo etorkinen errealitateari buruz abesteko. Diskoari amaiera emateko making off-a erantsi dio, grabaketaren momentuak erakusteko.

Durangoko Plateruenan emango du Etxek disko berriarekin lehen kontzertua, datorren larunbatean. Apirilean Gasteiz, Elgeta, Zaldibar eta Ondarroan eskainiko ditu emanaldiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo