GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euripean baina ehunka lagunen babesean ekin dio Korrika 15ek bideari

tzo eman zioten hasiera Korrikaren hamabosgarren edizioari Karrantzan, Euskal Herriko mendebaleko ertzean kokatutako udalerrian. Ehunka lagunek eman zion sostengua lasterketari, eta jende mordoa lagun, Iruñerantzako bideari ekin zion. A

Iker IRIARTE

Atzo arratsaldean abiatu zen Karrantzatik, Euskal Herriko mendebaleko ertzetik, Nafarroako hiribururantz Korrika 15. 2.376 kilometro dira guztira egin beharko dituenak euskararen aldeko lasterketak, baina bi urteren ondoren, Karrantzara joandako jende guztiak beso zabalik hartu zuen euskararen aldeko ekimenik handien eta jendetsuena den hori. Nahiz euriak ere euskaltzaleen jaian parte hartu nahi izan zuen, giro onak eta alaitasunak hartu zuten protagonismo handiena beste behin.

Jai eguna zen atzokoa karrantzarrentzat, eta halaxe ospatu zuten, izan ere, lehen aldia baita Korrika Euskal Herriko mendebaleko herri honetara iristen dena. Hori dela-eta, hiru gune handi eta hainbat ekimen antolatu zituzten Udalak eta herritarrek elkarlanean. Goizeko 10.30ean ekin zioten jaiari karrantzarrek eta ordurako bertan zeuden ehunka lagunek, ordu horretan abiatu baitzen Korrika Txikia.

Hortik aurrera, hiru gune zeuden prestatuta herrian barrena, eta horietako bakoitzean ekitaldi ugari antolatu zituzten: haurrentzako herri kirolak, rokodromoa, tirolina, ginkana, trikitilariak, sagardotegia, albokariak, eta abar. Zer jana ere izan zuten joandakoek, txahalkia ezin baita falta biztanleko behi abere gehien duen Euskal Herriko udalerrian. Txalapartariek alaitu zuten bazkalordua, eta ondoren, Erdizka Lauetan taldeak dantzan jarri zituen Udal Plazan bildutako guztiak. Euria ere agertu zen eguerditik aurrera, baina aurreko egunetan Euskal Herri osoan izandako elurte eta ekaitz bortitzen ondoren, ez zen nahikoa izan, bi urte luzez itxarondako eta hilabete luzetako lanaren ondorio den ekimen erraldoi hori geldiarazteko.

Debekuen gainetik

Arratsaldeko 17.30ean abiatu zen lasterketa Karrantzatik, Carlos Santisteban gidari zuela, herriko euskal idazle garrantzitsua, hainbat ipuin eta gazteentzako eleberri egina eta horiengatik hainbat sari jasoa. Gauza bat, ordea, ezin da inolaz ere ahaztu, euskararen transmisioan izan duten garrantzia dela-eta, emakumeak direla Korrika 15ek omentzen dituenak. Erdal esaerak dioen moduan, gizon handi baten atzean beti dago emakume handi bat, eta Santistebanen kasua ez da inondik inora ere salbuespen.

Idazleak berak aipatu zuenez, bere ama, Durangarra sortzez, berarekin izan du beti, eta asko zor dio. Beraz, Korrikaren antolatzaileek, lekukoa AEK-ko kideen eskuetatik zuzenean jaso beharrean, bere ama Lurdes Cimarroren eskuetatik jasotzea erabaki zuten, eta hartara, euskararen transmisioa eta emakumeek horretan izan duten garrantzia ederki irudikatuko lukete. Irudia, ordea, ez zen horretan amaitu, eta lehen kilometroa bete aurretik, Carlos Santistebanek Juan Gorriti eskulturagilearen lekukoa bere alaba Eiderri pasa zion.

Idazleak aukera «oso berezia» dela aitortu zuen, alaba eta amarekin batera halako «ohorea» jasotzea. «Familiaren parte-hartze osoa eta gure transmisioa ere ordezkatuko dugu gainera», azaldu zuen.

Euskarak Karrantzan izan duen egoerari buruz ere mintzatu zen, duela mende zenbait galdu zela aipatuz, baina «azken belaunaldietan, esan dezakegu, hemezortzi urte arteko gazteek badakitela euskaraz», aitortu zuen. «Alde batetik eremu erdaldun baten gaaude, baina bestetik sekulako bultzada eman zaio eta jendea euskaldun sentitzen da», ziurtatu zuen.

«Niretzat oso pozgarria da egin dudan ahalegina kontuan hartzen bada eta gero bere eraginik badauka», aitortu zuen azkenik. Bere ama eta alabari buruz galdetuta, ordea, biak ala biak hunkituta baina oso urduri zeudela esan zuen, «alabak azken egunetan ez du lorik egin», gaineratu zuen.

Esan bezala, Korrika 15 17.30ean abiatu zen Karrantzatik Iruñerantza, baina aurrez, Udaleko ordezkariek egun handi horren oroigarri bat agerrarazi zuten Udaletxe Plazan. Bertan, 2007an euskara Karrantzatik Euskal Herri osora zabaldu zela ageri da.

Garbiñe Aja kultura zinegotziak ere, ezin izan zuen bere poza ezkutatu Karrantzak halako ekimen garrantzitsu bat hartu izanagatik. «Ohore» bat dela adierazi zuen, eta era berean, herrian euskara eguneroko bizitzan txertatze aldera egiten ari diren ekimenen gorazarre egin zuen. Euskal hiztunak %10 baino ez diren herri batentzako gauza handia dela esan zuen. Hala ere, Udaletxe Plazan bildutakoen artean dezente ziren hori nahikotzat jotzen ez zutenak, ezker abertzaleak sinatutako pankarta baten inguruan bildu baitzen herritar ugari EAJri «iruzur gehiagorik ez» egiteko eskatuz eta euskararentzako egiazko plan bat behingoz egin dezala aldarrikatuz.

Euskal Herritik kanpo

Karrantzatik euripean irten zen lekukoa Korrika 15eko arduradun Edurne Brouardek lekukoan mezua sartu eta gero, eta gauean Arabara igaro zen. Gaur herrialde horretan barna ibiliko da Korrika, baina egungo Euskal Herriaren mugak gaindituko ditu, antzina euskarak hartzen zituen Errioxa Burgoseko eremu batzuk zapalduko ditu.

«BAZEN GARAIA!"

Halaxe adierazi zuen Bizkaiko AEK-ko arduradun Fernando Landaburuk Korrika lehen aldiz Bizkaiko «Far West»era iristeak sortzen dion poza. Era berean, ordea, lasterketak dakarren euskararen aldeko hautua ez dadila apirilaren 1ean amaitu eskatu zuen.

MEZU EZKUTUA

Aurreko beste batzuetan egin bezala, Edurne Brouard Korrika 15eko ardurdunak sartu zuen Euskal Herri osoa zeharkatu eta gero Iruñera heltzean irakurriko den mezu ezkutua Juan Gorriti eskulturgileak eginiko lekukoaren barnean.

ALDARRIKAPEN UGARIAK

Edizio guztietan eta Korrika-k igarotzen dituen leku guztietan gertatzen denez, atzo Karrantzan aldarrikapen ugari egon zen, euskararen ofizialtasunari eta euskal preso politikoen herriratze edo estatusa onartzeari buruzkoak, besteren artean.

TAKOIEKIN KORRIKA

Eguerdiko eta arratsalde hasierako protagonista nagusienetakoa izan zen Erdizka Lautan taldea, musikari eta dantzariak barne. Horietariko emakume batek, dantzarako jarritako takoi eta guzti egin zuen korrika, aldapa gora gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo