GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko Maila

Getxoko jokalariak Ordiziakoen gainetik pasatu dira

Lehen zatian oreka izan zen markagailuan eta jokoan, eta horri esker 13-11 zen markagailua atsedenaldian; baina bigarren zatian horiak jaun eta jabe izan ziren, gipuzkoarrei aukerarik eman gabe

GETXO ARTEA 30

KITMAR ORDIZIA 11

Jon LEUNDA | GETXO

Getxok mailari eusteko urrats handia eman zuen atzo Faduran, Ordizia mendean hartuta. Litekeena da, gainera, jaitsierako postuetatik ihes egitea ere lortzea. Horretarako ordea, gaur Spyro Bera Berak galdu egin beharko luke eta hala, donostiarrak izango lirateke jaitsierako postuan sartuko liratekeenak.

Atzo, Getxok partida oso ona egin zuen eta Ordiziaren gainetik pasa zen, batez ere bigarren zatian. Lehen berrogei minutuetan ere zelaian nagusi izan ziren, baina gipuzkoarrek nahiko ongi eutsi zieten eta emozioa eta oreka nagusi zirela heldu ziren atsedenaldira, 13-11ko markagailuarekin.

Kolorerik ez

Bigarren zatian, ordea, Ordiziak behera egin zuen, eta Getxok, berriz, oso partida ona egin zuen. Ez zen erraza Faduran jokatzea, eguraldiaren ondorioz lokazti handia baitzegoen, baina etxekoak ederki moldatu ziren. Aurrelariek lan ona egin zuten eta gipuzkoarrei ez zieten aukerarik eman.

Bai eskasetan eta baita uztartzetan ere, beti garaile ateratzen ziren, eta gehienetan Ordiziaren entseguko marra inguruan ziren. Gauzak horrela, puntuak beraien alde bakarrik pilatzen ziren, eta goierritarrek ez zuten bigarren zati osoan puntu bakar bat ere egiterik lortu.

Amaieran poza handia zen getxotarren artean, jokoan zeuden bost puntuak eskuratzeko balio izan baitzien partidak, eta gainera, horrela jokatzen jarraitzen badute, maila galtzea oso zaila izango dela erakutsi baitzieten zale guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo