Bosgarrenez jantzi du Nafarroako txapela Silveirak Elizondon
Xabier Silveirak jantzi zuen atzo txapela Elizondon, eta horrekin dagoeneko bost dira lesakarrak etxeratu dituenak. Kartzelako ariketa oso dotore batekin liluratu zituen bertsozaleak Silveirak berez distira handirik gabe zetorren arratsaldean. Eta bosgarren txapelarentzat bi eskaintza, bi agur bota zituen, benetan barrukoak, sentituak eta politak. Atze-atzetik izan zituen Barberena, Olaetxea eta Lagoma, hirurek ere saio txukuna eta serio hartzekoa josi zuten.
Amagoia MUJIKA | ELIZONDO
Hasierako agurrerako bota zion keinua oholtzaren izkina batean txukun-txukun jarria zegoen txapelari. «Arratsalde on ta eskerrik asko has bedi rima lidea/ kaixo zuri ere txapel beltz kuttun, zu zara gaurko idea/ zu izan zara hiru urtetan, zu nere ohekidea/ baina gaur berriz hautatzen duzu nahi duzun adiskidea/ zuk aukeratu zeinen ohera egiten duzun bidea/ baina ez ahantzi zuretzat beti epel dagola nirea», kantatu zuen sarrerakoan Xabier Silveirak.
Eta, azkenerako, berak eraman zuen txapela bere ohera, nahiz eta, ospakizunak ospakizun, agian oraindik oheratu gabe dauden txapela eta txapelduna. Ez alferrik, Xabier Silveirak atzo bosgarrenez irabazi zuen Nafarroako txapela, eta marka jarri du beraz. Saio bukaeran irribarrez aitortu zuen grina berezia zuela bosgarrena lortzeko.
Elizondoko Lur dantzalekuan jarria zegoen hitzordua arratsaldeko 17.30etarako eta bertsozaleek ez zuten hutsik egin, lepo bete zen aretoa. Saioa, berriz, ez zen oso bero hasi, eta entzulea txalo egiteko gogo biziz sumatzen zen arren, saioari kosta egin zitzaion lehertzen. Ale politak joan ziren tartean, kartzelakoan bertso gogoangarriak entzun ziren, baina, lehertzeraino akaso ez zen iritsi atzoko finala.
Silveirari berari kosta egin zitzaion eta seiko motzeko ariketa arte ez zuen distira handirik izan. Seiko motzekoan Erika Lagomak eta biak nahiko poliki jardun zuten. Baina, luzitu, kartzelakoan luzitu zen txapelduna. Gaia hauxe zen: leihotik begira zaude, urrutira begira.
«Leihoan porruak errez neska haren imajina/ datorkit behin eta berriz bere irrifar urdina/ gure maite poza zena, bihurtu zen maitemina/ ta nire printzesa zena ez da nere erregina/ gaitzerdi gaur ere biak hemen egongo bagina/ baina berak urrutixko nola duan aldegina/ nere leihoan goxoki pasatzen dijoakit mina/ nik bera maite bainuen joaten uzteko adina», bota zuen lehena.
Eta bigarrena: «Mina jasaten dut baina, ostertza jartzen zait aurrez/ ta ez dut etxerik bistan, naiz ia guztia amets/ nere printzesa joan zen infernurantza erromes/ eta nik leiho ertzean hartu behar izan dut babes/ baina mina jasan arren ezin egon irrifarrez/ malkoak etortzen zaizkit, nahiz eta xukatu errez/ leiho aurreko bizitza dagokit gaur zoritxzarrez/ baina hemen itxoingo diot, leihoan porruak errez».
Hasi eta bukatu esaldi berdinarekin egin zuen kartzelako ariketa Silveirak eta aho zabalik utzi zituen bertsozaleak. Ondoren aitortu zuenez, kartzelako gaia izugarri gustatu zitzaion eta hasi eta buka berdin egitearen jolasa aspaldidanik buruan zebilkien eta atzo lortu zuen lehenengoz egitea. Benetan gogoratzeko aleak bota zituen lesakarrak eta hor atera zien gainontzekoei koska, ale horiekin jantzi zuen bosgarren txapela Xabier Silveirak.
Silveirak 417,5 puntu lortu zituen, eta atzetik joan ziren puntuaketa zerrendan Jon Barberena (399,5), Iñigo Olaetxea (396,5), Erika Lagoma (396), Julen Zelaieta (386), Joxe Juan Zubieta Etxabe (382), Migel Mari Elosegi Luze (364,5) eta Bittor Elizagoien (354,5).
Barberena, Olaetxea, Lagoma
Puntu gutxiren aldean geratu ziren Jon Barberena, Iñigo Olaetxea eta Erika Lagoma eta hirurak ala hirurak saio benetan txukuna josi zuten. Agian ez zuten sekulako kolperik jo, baina akats nabarmenik gabe osatu zuten finalekoa. Zortziko nagusian Barberena-Olaetxea bikoteak egin zuen saio txukunena. Gidoigile lanetan jarri zituen gai-jartzaileak. Euskal pelikula baterako eskaintza jaso eta Barberenak umorera jo nahi zuen, Olaetxeak, berriz, dramara. Olaetxearen lehena hauxe: «Soilik nahi nuke azaleratu gure herrian ikusia/ ongi badakit bizi dugula egoera berezia/ ertzainak daude kalean joka hilik da demokrazia/ ta esplikatzen hagitz zaila da horrek non duen grazia (bis)».
Zortziko txikian Barberena eta Zelaieta ondo moldatu ziren. Egia esan Julen Zelaietak umore kolpe politak jo zituen arratsalde guztian eta berriz erakutsi zuen entzulearengana iristeko abildade berezia duela, txalo asko joan ziren beretzat.
Seiko motzean Erika Lagoma eta Silveira aritu ziren elkarrekin eta Lagomak ale onak utzi zituen. Egia esan, finaleko neska bakarrak saio txukuna egin zuen, hanka sartzerik gabekoa. Aise egiten du bertsotan Lagomak eta oso kontuan hartzeko bertsolaria da.
Distiratsuena, kartzela
Hala ere, oro har, kartzelakoan luzitu ziren gehien bertsolariak, hor joan ziren bertso distiratsuenak.
Joxe Juan Zubieta Etxabek honela bota zuen bigarrena presoaren azalean: «Galduak ditut familia ta galdua daukat laguna/ garai batean egun eta gau beti nere ondoan nuna/ espetxe hontan berdina dugu eguneroko jarduna/ gela umela, gela astuna ta gela guztiz iluna/ galdu behar det martxa honetan osasun eta zentzuna/ galdu behar det nere buruai lehen nion maitasuna/ ta iritsiko da agian noizbait argitzen ez dun eguna».
Barberena ere oso ondo aritu zen kartzelako ariketan. Modu hunkigarrian kantatu zion preso dagoen maiteari. Hauxe bigarren alea: «Banatu dira sentimentutan, gure ipar eta hego/ ta hoztu ere barne-barneko su, txinparta eta bero/ gutun eder bat jasotzen dut nik hemen hilero-hilero/ eta gutunak ta esperantzak ttiki bere hortan bego/ alferrik dira nere negarrak nere oihu eta prego/ bada hainbertze enredo, jode ez nuen espero/ zutaz pentsatzen oheratzen naiz eta jeikitzen goizero/ konpon ezina konponduko nun nere eskutan balego (bis)».
Xabier Silveirak 417,5 puntu lortu zituen; Jon Barberenak, 399,5; Iñigo Olaetxeak, 396,5; Erika Lagomak, 396; Julen Zelaietak, 386; Joxe Juan Zubieta Etxabek, 382; Migel Mari Elosegi Luzek, 364,5; eta Bittor Elizagoienek, 354,5.
Elizondoko Lur dantzalekua lepo bete zen eta bertsozalea ondo pasatzeko eta txalo egiteko gogoz sumatzen zen. Saioa ondo joan bazen ere, distira gehien kartzelako lanek izan zuten. Gaia oso irekia zen eta hamaika aukera eskaini zizkien bertsolariei.
Xabier Silveirak bi bertso bota zituen bukaeran eskaintza modura; lehenengoan Jarrai, Haika eta Segi erakundeetako gazteak izan zituen gogoan eta bigarrenean, bere lagun mina den Estitxu Arozena bertsolaria. Bukaera hunkigarria izan zen.
Xabier Silveirak irribarrez, irribar handi batez, jantzi zuen txapela. Bosgarrena. Eta eskaintzak barru-barrutik eta bihotz bihotzez egin zituen. Bi bertso, bi eskaintza, bosgarren txapelarentzat. «Ni naiz txapeldun gaurkoan nahiz ta ia ez harritu gehiegi/ baina txapela nik daukat eta eskeintzen diet haieri/ duela hamar urte eskeini nien haieri bereri/ preso ta iheslarieri/ sasietan daudeneri (bis)/ eta azkenik eta gehienbat, gehienbat bazait zilegi/ euren gaztaro guztia guri eskeini digutenei/ Jarrai Haika eta Segi», bota zuen lehena. Eta sortu zuen txalo zaparrada isildu ez zenean hasi zuen bigarrena: «Hau ez dut egin sekula baina noizbait behar zun lehena/ azkenaurreko bertsoa bota eta hor doa azkena/ badago norbait bihotz bihotzez omendu nahiko nukena/ irribarretsu ze irribarra, ezabatzen digu pena/ aupa Estitxu zuretzat muxu haundi haundi haundiena». Eta beste txalo zaparrada bat, bigarren hori Estitxu Arozenarentzat, berak oholtzan behar zuelako eta, bizitzak ematen dituen kolpe latz horietako batengatik, atzo ez zelako igo.