GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Balkoiak

Badira ia oharkabean pasatzen diren aldaketak. Gauza batzuk desagertu egiten dira gu konturatu ere egiten ez garelarik. Eta egunen batean hartzen ditugu gogoan, haien falta ordura arte somatu ez dugularik. Hirien eta herrien aldatu egiten da, eta horretaz bai jabetzen garela erraz. Eraikin zaharrak lurrarekin berdintzen ditugu eta berriak jaso. Behin larre berde izandakoak auzune bilakatuko dira, behin ehundaka langile lanerako hartzen zuen fabrika eraitsi eta aisialdirako gunea jasoko dute. Aldaketa horiek erraz dira antzematen. Baina badira beste batzuk konturatu gabe gertatzen direnak.

Adibide txiki bat besterik ez bada: aurreko batean, gogoan hartu genuen lagunarteko afari batean nolakoak ziren gure herrian sasoi bateko balkoiak. Huskeria irudituko zaio edozeini, baina balkoiak ez dira berberak duela hogeitaka urte edo gaur egun. Eta ez nabil arropa zintzilikatzearen kontu horrekin. Nola zintzilikatzen ziren maindire zuriak eta. Nola garai batzuetan tipismoaren ezaugarri ere izan ziren izara zuri haiek. Halaxe uste zuten behintzat pintore kostunbristek. Orain ezin da ezer eskegi kalera begira. Arropa barrualdean lehortu behar da. Baina ez natzaizue izarez ariko. Guk gomutan hartu genuena beste zerbait zen. Arrantzale herrietan ohikoa zen paisaia batekin oroitu ginen. Gomutan hartu genuen balkoi askotan makailauak egoten zirela zintzilik gure ume denboratan. Lehortzen izaten ziren makailauak arrantzaleen etxeetan. Eta guretzat, arrantzaleen seme-alabentzat, haurtzaroko usainetako bat izaten zen makailauaren hats sakor hori. Eta ukitu egiten genuen haren azal latza, eta baita dastatu ere haren zapore gazia. Gaur egun ez da halakorik ikusten.

Hala ere, ez ziren soilik makailauak izaten balkoietan zintzilik. Gauza ugari zintzilikatzen baitzen duela urte batzuk. Banderak ere izaten ziren balkoietan, alderdi guztietakoak. Ikurrinak jakina, orain baino askozaz gehiago. Baina ez ikurrinak bakarrik. Espainiako banderak ere ikusten ziren batean eta bestean. Espainiako bandera horrek gurean izen ugari hartu izan du. Ezagunena beharbada piperpotoarena izango da. Poto horien koloreengatik edo. Gorriak eta horiak izango ziren nonbait poto horiek. Dena den, badira bestelako esaerak. Kostaldean kolaiua esaten zitzaion Espainiako banderari. Kolaiua edo kolaxua arrain eskasa da, estimazio gutxikoa, garai zailenetan jende txiroak jaten zuena. Ez zuen inork kollaiurik jan nahi. Makailaua bezala, gazitu egiten zen arrain hura eta zintzilik jartzen zen lehortzeko. Banderaren itxura zuen gainera, arraina behin zabalduta, hegalak ilunagoak zituelako barrualdea baino, eta antza hartzen zuen horrela Espainiako banderarena.

Badira ia oharkabean pasatzen diren aldaketak. Gauza batzuk desagertu egiten dira gu konturatu ere egiten ez garelarik. Kolaxuak baina ez dira desagertu. Telebistara begiratu eta ez dut besterik ikusten azken aldian, kolaxu zaharrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo