Julen MURGOITIO
Hurrengo urte bisustuan ote?
Iaz izan zen. Uraren nazioarteko eguna baliatu zuen erakunde armatuak bustitzeko, bere aldetiko su-eten iraunkorra emakumezko baten ahotik iragarriz. Urte bete pasatu da, eta? Beti pentsatu daiteke urte horretan urrats erabakigarririk eman ez izanaren arrazoia 2006koa urte bisustua ez izana izan dela, hau da, otsailaren 29rako iragarrita ei zegoen bileran nahi izan zuela beheko estatuko gobernuak euskal lurraldeen hitza eta erabakia errespetatzeko agiri behin-betikoa sinatu. Litekeena da. Baina zaila egiten zait sinestea, su-etena martxoaren 22an iragarri zen eta. 2007koa ere ez da bisustua; gainera, otsaila bera joana da, udaberrian garenez. Tira! zenbat lehorte, uholde, elurte eta sute ez ote dira izan handik hona? Salbuespenak salbuespen, proposamenen lehortea. Salbuespen egoeraren moduko epaileen aurreko agerraldien uholdea. Auzobideak moztu arren auzibideak trabatu ere egiten ez dituen elurtea. Su-etena eteteko egurra ematen duen sutea. Bai, zenbat klima-aldaketa azkeneko urtean! klima politikoa bestelako klimax batera heldu ezinik izan arren. Hau kolpea! denbora luze ibili gara errepide-orriaren eskean, gatazka bideratzeko bidai orri modura, eta horra beheko estatuaren eskaintza: abioibide-orria!, baina ez gatazka gainditzeko, bide-elurra gainditzeko baino! Ene, ene! garraio-azpiegituretan nahikoa dela esateko unean garela, horra aireportu berrirako apustua, beheko estatuaren eskumenez ezarria: non eta Elgoibarren. Eta jakina, jelkideek txalo zaparrada beroan hartu dute berria, euren helburua zementu kontuan etengabeko gehitzea delako, bide batez parrokiako enpresaburuen kontuak ere gehitu daitezen; atera kontuak! Total, aireportu berria Elgoibarren. Itxura batean ez da handia izango, aerodromoa baino ez, hegazkin txikerrek aireratzeko bestekoa. Bidaiarientzat dago pentsatuta, noiz edo noiz fardelen bat ere hegazkineratu dezaketen arren; tira! abiadura handiko trenean bezala, edo. Klase bakarra izango bide du hegazkinak, politikoa hain zuzen ere, eta erosotasunik ez ei da faltako, jesarlekuak esku-burdinez osatuta baitatoz fabrikatik. Gainera, diseinatuta dagoen moduan aireratzeko baino ez da izango aireportu berria, ez lurreratzeko, bueltako bidaia korrika egin beharko baitu bidaiariak, lekukoa eskuan, eta hori kasurik onenean beti ere. Mondieu! Noiz otsailak 29a izango?