GARA > Idatzia > Hemeroteka

Javier Rodriguez («Resquicios" kritika sozialari buruzko aldizkariko koordinatzailea) Euskal Herria.

Erresistentziaren etika

(...) zentral nuklearrak egote hutsa iraganeko beste inongo gizartek inoiz ezagutu ez duen moduko indarkeria izugarria da, berez. Mehatxu atomiko txit demokratikoa herritar guzti-guztiei zuzentzen zaie, agintariak barne. Hondamendi batek eragindako euri erradioaktiboak ez ditu biktimak bereiziko, industriaren ondorio kaltegarrien eraginez -energia nuklearrak nabarmen areagotzen dituena- mundu osoan handituz doan minbiziak ere bereizketarik egiten ez duen bezalaxe. Izan ere, energia nuklearraren aldekoek oraindik konpondu gabe duten arazoa da hondakinen «kudeaketa», nahiz eta arazo horrek milaka eta milaka urteko zainketak eskatuko dituen. Tira, ez da gutxi, kontuan izanda orain arte ez dugula sekula hainbeste iraun duen giza erakunderik izan.

(...) Eraso nuklearraren alderdirik gaiztoena bere jokamolde maltzurra da, ziurrenik. Egunero-egunero mehatxatzen gaituztenak ez dira mundua mendean hartzeko planak dituzten jeinu zitalak, Hollywoodeko filmetan agertzen den bezala, beren lanbidea lan arrunt bat baino ez dela sinestarazten dien makineria burokratiko eta teknologikoko soldatapekoak baizik: ingeniariak, zientzialariak, politikariak... Horrela, azkenean inork ez du bere burua azken erantzuletzat jotzen, eta, berez, egon ere ez dago azken erantzulerik. Horrek ez du esan nahi mehatxua arinagoa denik, edo neurriak hartzeko arrazoiak desagertzen direnik. Zentral nuklearren aurkako oposizioaren zeregina desobedientziarako deia egitea eta kolaborazionismoari aurre egitea izango da, beste ezer baino lehen. Nolanahi ere, propaganda antinuklearra erabiltzea guztiz txalogarria izan arren, ez da aski, inondik ere. Gainera, estatuak askoz tresna indartsuagoak erabiltzen ditu, nahiz eta, gero, inongo estatuk ezingo duen bere zerbitzarien erabateko segurtasuna ziurtatu, makineria nuklearra abian jarri eta zaintzeko garaian. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo