Miren Azkarate Villar Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua
Gureak dira eta Euskadin nahi ditugu
Kongresuak eta Senatuak Kataluniako Generalitatearen agiriak itzultzea erabaki zuten. Poztu ginen eta, berdinatasunaren izenean, eskatzen dugu Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko erakundeen agirien itzulera
Zuzena delako, gurea den, herri eta gizarte honena eta armen indarrez lapurtu zitzaigun dokumentazioa eskatzen dugu. Guztiz zilegi baita gerran ebatsi zitzaigun eta egun Salamancan bahitua den gure oroimen historikoaren zatia berreskuratzeko eskaera. Eta horrekin batera aldarrikatzen dugu orduko eta egungo Eusko Jaurla- ritzaren legitimitatea.
Demokrazia, legalitatea eta erakunde legitimoak, tartean Eusko Jaurlaritza, defendatuz hil ziren milaka pertsonei zor zaien duintasun eta ohoreagatik, eskatzen ditugu agiri hauek. Gure oroimenaren zati bat berreskuratu nahi dugu, zorionez, beste zati garrantzitsu bat gure eskuetan baitago, gure lehenagokoek erbestera eramanez salbatu eta itzuli baitziguten.
Eta eskaera hau berdintasunaren izenean egiten dugu. Kongresuak eta Senatuak Kataluniako Generalitatearen agiriak itzultzea erabaki zuten. Poztu ginen erabaki horretaz eta horren alde lan egin genuen, eta berdintasunaren izenean, Calvo Ministro andreak horrenbeste aipatzen duen herritarren berdintasunagatik, arrazoi eta legalitate berean oinarrituta, eskatzen dugu Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko erakundeen agirien itzulera.
Antza denez, ez gara uste hori izan dugun bakarrak, hori bera aitortu baitzuen Rodriguez Zapaterok Espainiako gobernuburuak Kongresuan, gai honi buruzko Josu Erkorekaren galdera bati erantzunez, esan zuenean: «Lo que es válido para Cataluña es válido, obviamente, para las aspiraciones de las instituciones vascas».
Itzulera hau Gorteen legealdi honetan gauzatu beharko litzateke, arestian aipatu dugun Lege-berdintasunaren izenean, Generalitateari bere agiriak itzultzeko Legeak aurreikusi zuen egoera berean baita Eusko Jaurlaritza. Horrexegatik egin zion 2006an Jaurlaritzak eskaera ofiziala Espainiako Gobernuari eta zentzu berean eskatu zuen Eusko Legebiltzarrak. Denbora pasa da eta ez digute arrazoirik eman eta aldiz entzun ditugu inoiz espero ez genituen funtsik gabeko adierazpenak, hala nola Gobernu sozialista bateko Ministro batek Errepublika garaiko Eusko Jaurla- ritzaren legitimitatea dudan jartzea; alegia, Jose Antonio Agirre buru zuen kontzentrazio gobernuarena, EAJ-ko, PSOE-ko, Ezker Errepublikanoko, EAE-ko, Errepublikar Batasuneko eta EPK-ko sailburuek osatutako Gobernuaren legitimitatea.
Ez dugu uste presidente jaunak bere hitza jango duenik, hitzemana zor; eta ez dugu uste nahi, oso leku txarrean utziko bailuke bere burua eta bere Gobernua. Hala ere gauza da, oraindik orain, Euskadiko dokumentazioa Salamancan dela eta Calvo andrea galdua dabilela aitzakietan. Barka bezate, Ibarretxe lehendakaria buru duen Jaurlaritza, Agirre eta Leizaolaren Eusko Jaurlaritzaren oinordeko zuzena da eta lapurtu zitzaiona bueltatzea eskatzen du, ez besterik.
Kataluniako agirien itzulera ahalbideratu duen legearen oinarrian dagoen adituen txostenak dio 1937tik aurrera egindako konfiskazio hura indarra erabiliz eta legez kanpokoa izan zela eta hori egiteko matxinatutako Estatuak gobernu autonomoen eskubideak, garantiak eta eskumenak ezabatu zituela. Legalitatea berreskuratzen denean eta gobernu autonomoan berreskuratzean -dio aipatutako txostenak- egoki eta zuzen da berea duen dokumentazioa itzultzea. Egoera horretan da Kataluniako Generalitatea zein Eusko Jaurlaritza, Errepublikan ziren bi gobernu autonomo bakarrak. Beraz, Generalitatearena dena itzultzea ahalbideratu duen Lege berak babesten gaitu. Atea zabaldu da eta hortik sartuko gara.
Arrazoia eta legea dugu gure alde eta honetan, beste gauza batzuetan bezala, ez dugu amore emango eta egoskorrak izango gara. Hala behar, demokrazia, legalitatea eta erakunde legitimoak, tartean Eusko Jaurlaritza, defendatuz hil ziren milaka pertsona horiek merezi duten duintasun eta ohoreagatik, zer gutxiago!