Azkarraga: «Higiene demokratikoak Auzitegi Nazionala ixtea eskatzen du"
Lakuako Gobernua eskubide zibil eta politikoen inguruko txostena egiten ari dela adierazi zuen atzo Joseba Azkarraga Justizia sailburuak. Bide batez, Entzutegi Nazionala ixteko beharra nabarmendu zuen berriro.
GARA |
Asteazkenean Arnaldo Otegi epaitzeko egin zuena ikusita, Auzitegi Nazional espainola ixteko beharraz hitz egin zuen atzo Joseba Azkarraga Lakuako Justizia sailburuak. «Higiene demokratikoak» horixe eskatzen duela adierazi zuen.
Otegi errugabe atera ondoren, epaimahaiak zigortzeko arrazoiak bazeudela zioen epaia kaleratu zuen, Fiskaltzak akusazioa bertan behera utzi izana kritikatzeko asmoarekin. Azkarraren hitzetan, «elkarri labankadaka ari dira bertako epaile eta fiskalak».
Ondorioz, «horrelako epaitegi bat ezin da mantendu», esan zuen EAko sailburuak. «Epaitu behar duten edonork, epaile eta fiskal horien eskuetan, pim pam pum batean sartua ikus dezake bere burua», argudiatu zuen Azkarragak. Otegiri egindakoarekin «Justiziaren sinesgarritasunari kalte egin zaio berriro», erantsi zuen.
Irakurketa orokorragoa eginaz, gaur egun Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoen egoera kaskarra dela nabarmendu zuen. «Gaixotasun larria» ikusten du sailburuak esparru horretan. Eta ondorioz, «erakundeen eta demokraziaren oreka bera ere kutsatzen eta pozointzen ari da».
Ildo horretan, zera jakinarazi zuen: Lakuako Gobernuak «azken bost urteotan gertatzen ari zaigunaren inguruko ikerketa sakona» egingo duela. Apirilean ezagutu liteke horren edukia.
Lana «oso garrantzitsua» dela eta «arreta handiz» burutzen ari direla ere esan zuen Azkarragak.
PP: «Ez da onargarria»
Bitartean, Fiskaltzaren erabakiaren inguruko zalantzak eragiteko asmoz epaileek kaleratutako idatzia erabiliz, PPk Gobernu espainolaren aurka egin du berriz.
Berlinen zen Mariano Rajoy presidenteak bereari heldu zion: «Fiskaltza hamabost hilabeteko zigorretik ezer ez eskatzera pasatzeko arrazoi juridikorik ez zen. Erabakia politikoa da, hori baino ez. Eta ez da onargarria. Demokrazian guztiok gaude legearen menpe, baita Otegi jauna ere», argudiatu zuen.
PPko agintari nagusiaren ustez, erabaki horrekin Jose Luis Rodriguez Zapatero buru duen gobernua «legearen aurka ari da» eta fiskal nagusiaren egoera «jasanezina da». Ondorioz, Candido Conde-Pumpidoren dimisioa exijitu du alderdi horrek berriro.
Hauteskundeak aurreratzeko arrazoirik ikusten ote duen galdetu zioten Rajoyri, baina erantzuna saihestu egin zuen, horiek deitzeko erantzukizuna Gobernuari baino ez dagokiola esanaz.
Bide beretik joan ziren PPko gainerako eledunen adierazpenak. Andaluziako buru Javier Arenasek, esaterako, «izugarrizko krisia» eragitea leporatu zion Zapaterori, «politika justiziaren gainetik jarri du eta».
Soraya Saenz de Santamariaren hitzetan, «Espainiak terroristei aurpegira begiratzeko nahiko indar bazuen lehen». Orain, aldiz, «De Juana Chaos terrorista etxera bidali dute, eta beste terrorista bat ez epaitzeko ahal duten guztia egiten dute», Arnaldo Otegiri buruz.
Politika Autonomikorako arduradun den horrek irtenbide bakarra ikusten du: «Mariano Rajoy Moncloara eraman behar dugu, ahalik eta lasterren. Horretarako pilak jarri behar ditugu. Herri honek etsipena baztertu eta itxaropena berreskuratu behar du, terroristak berriro kartzelan egon daitezen».
Demokraziarako Epaileak erakundeko eledun Jaime Tapiak Arnaldo Otegi errugabe atera izana normaltzat jo du, eta Madrilgo epaiketara Poliziak hegazkinez eraman izana, aldiz, «bitxiagoa» iruditu zaio.
Jordi Sevilla Administrazio Publikoetako ministroak epaileek, motiborik gabe, Otegiren aurkako auzian «nolabaiteko epaia» kaleratu izana «harrigarria» eta «larria» dela esan du.