GARA > Idatzia > Euskal Herria

Anaitasunako proposamena bere egin du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa eta armatua gainditzeko ezker abertzaleak mahai gainean jarri zuen proposamen politikoa bere egin du amnistiaren aldeko mugimenduak. Modu horretan Euskal Herriak demokrazia eta bakea erdietsi dezakeelakoan daude.

Gari MUJIKA |

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa behin betikoz gainditzearren ezker abertzakeak Anaitasunan euskal herritarrei aurkeztu zien trantsizio demokratikorako proposamena bere egin du amnistiaren aldeko mugimenduak, «modu ez demokratikoan ukatua izan den hitzari eta erabakiari, modu demokratikoan bide emateko» proposamen «demokratikoa, arrazoizkoa, logikoa eta gauzagarria» baita beren aburuz.

Koldo de Markos preso politiko ohiak eta Askatasuneko kide Oihana Agirrek eta Anaiz Founosasek, dozenaka lagunekin batera Donostian egindako agerraldian, Euskal Herriak marko demokratikoa erdiesteko Batasunak mahaigaineratu duen proposamen politikoa bere egin zuten. Euskal herritarrei ere deia egin zieten bere aldeko indarrak metatzeko, azken finean, gatazka politikoa eta armatua gainditzeko baliagarria den planteamendua baita.

Gatazkaren ondorioak zuzenean jasan dituen errepresaliatu politiko gisa, De Markos preso oihak argi nabarmendu zuen «gatazka gainditzea ez dela bere ondorioak desagertze hutsetik etorriko». Amnistiaren aldeko mugimenduko kidearen esanetan «gatazkaren ondorio mingarriak gainditu eta sendatzea, gatazkari soluzio demokratiko bat ematearen emaitza izan baitaiteke soilik». Hala, egungo egoeran gatazkari irtenbiderik ez emateak etorkizuneko belaunaldiak sufrimendura eta gatazkara kondenatzea dakarrela azaldu zuen, eta hori ekiditeko, «hitza eta erabakia askatasunez gauzatzeko oinarri demokratikoak bilduko dituen» markoa ezinbestekoa dela gaineratu zuen.

«Mugitzen ez den ura usteldu egiten delako, ezin dugu onartu gure herrian zabalik dauden aukerak botere interesen artean ito daitezen», azaldu zuen De Markosek. Proposamena sustatzea konpromiso gisa hartu dutela ere esan zuen.

Askatasuneko kide Anaiz Founosazek ere egoera itxaropentsu honetan, Euskal Herriaren hitzaren eta erabakiaren aldeko indarrak biltzeko beharra nabarmendu zuen. Bere esanetan, gainera, izen eta abizenak ditu itxaropen horrek: elkarrizketa, akordioa eta herritarren borondateari ateak zabaltzea Euskal Herri osoan.

«Modu ez demokratikoan» ukatua izan den hitzari eta erabakiari modu demokratikoan bide ematen dio bere aburuz Batasunaren proposamenak. Horregatik, bere egiten dutela azaldu zuen.

Itxaropena

«Zazpi herrialdeetan gatazka gainditzeko itxaropenak bazituen eta gaur ere baditu izen eta abizenak: elkarrizketa, akordioa eta herritarren borondateari ateak zabaltzea Euskal Herri osoan»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo