GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zaborren kudeaketa iraunkor eta publikoa babesten du Batasunak

Gipuzkoan barrena kalapita handia sortu duen hiri hondakinen kudeaketaren inguruko hausnarketa egin berri du Batasunak. Kudeaketa iraunkorra «posiblea eta ezinbestekoa" dela adierazi du.

GARA |

Hiri hondakinen kudeaketaren gaiak zalaparta handia sortu du Gipuzkoan, eta azkeneko hilabeteetan egindako manifestazioek argi erakutsi dute herritar ge- hienek errausketa metodoaren aurkako jarrera dutela. Horiek hala, Batasunak hil edo biziko garrantzia eman nahi izan dio hiri hondakinen kudeaketaren aferari, eta alternatiben inguruan luze eta zabal hausnartzeko helburuarekin, herrialdi mailako mintegi bat egin berri du.

Batasunaren aburuz, «posiblea eta ezinbestekoa» da hiri hondakinen kudeaketa iraunkorra egitea eta, hortaz, murriztu, berriz erabili eta birziklatu formularen alde egin du modu argian. Bere ustez, kontsumo ohiturak aldatuta eta paketatze eta ontziratze politikak egokituta, hondakinak gutxiagotzea egingarria da. Era berean, itzuli beharreko ontzien erabilera bultzatzea edota erabilera bakarre- koak zigortzea proposatu du berriz erabiltzea indartzeko formula gisa. Berriz erabili ezin daitezkeen hondakinekin ordea, birziklatzea da Batasunak proposatu duen neurria.

Hiri hondakinen kudeaketa integrala eta iraunkorra lortzeko eta birziklapena azken muturreraino eramateko xedez, hondakin organikoen bilketa era egokian egitea «funtsezkotzat» jo du indar independentistak. Murriztapena, berriz erabiltzea eta birziklatzea egin ostean gelditzen den hondakina kudeatzeko, berriz, konpostajearen edota biometanizazioaren tekniken alde egin du Batasunak. Konpostajea «hondakin ezera hurbilduko gaituen sistematzat» eta «anbizio handiko» teknikatzat jo dute. Fermentazio anaerobikoren bitartez aldiz, hondakinen %25 kudeatu gabe geratu- ko liratekeela onartu du.

Errausketa ez da «bateragarria»

Era berean, ezagutarazitakoaren arabera, birziklapena ondo garatuz gero, materia organikoaren kudeaketa soilik geldituko litzateke, eta horrek duen ahalmen energetiko urriarekin errausketa planta erabiltzea «ezinezkoa» litzatekeela deritzo Batasunak.

Bestalde, auzia osasunaren ikuspegitik aztertuz gero, «oso arriskutsutzat» jo du praktika hori indar abertzaleak; izan ere, erraustegiek materia errez gero, airera material arras kutsagarria botako luketela esan zuten.

Beste alde batetik, eta datu gisa, errauste plantek 240 milioi euro balio dute; konpostaje azpiegiturek, berriz, 900.000 euro, azaldu zutenez. Azken horiek lanpostu gehiago sortuko dituztela ere jakinarazi zuen indar independentistak berriki herrialdean egindako mintegian.

«EAJ, EA eta PSEk, herritarren osasunarekin negozioa xede"

EAJ, EA eta PSE alderdien inguruan «dabiltzan enpresa indartsuek» errausketarekin «negozioa egiteko xedea» dutela salatu du Batasunak mintegian. Era berean, «herritarren osasunarekin eta diruarekin» irabaziak bilatu nahi izatea leporatu die indar independistak.

Batasunaren ustez, hori da hiru alderdi horiek errausketaren alde erakutsitako jarrerari erantzun diezaiokeen arrazoi bakarra. «Bestela, nola uler daiteke Europar Batasunak diruz laguntzen ez dituen, garestiagoak diren eta iraunkortasunik ez duten errausketa planten aldeko jarrera?», itaundu du Batasunak. Horretaz gainera, egindako hainbat mediku azterketek errauste-plantek sortzen dituzten osasun arazoak argiki frogatu dituzte, eta, era berean, Europar Batasuneko parlamentariek errausketa prozesua hondakinak kudeatzeko kutsakorrena dela aitortu dute.

Azken hilabeteetan Gipuzkoan izandako mobilizazio ugarietan herritarrek erakutsitako jarrera dela-eta, «inposaketaren estrategia alboratzeko» eskaria egin dio alderdi independentistak Gipuzkoako Aldundiari. Finean, herritarrei hitza ematea da Diputazioari Batasunak egiten dion eskaria. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo