GARA > Idatzia > Kultura

«Musikan iraun izanaren sekretua nondik gatozen eta nora goazen jakitea izan da"

MIkel Bizar, Idi bihotz musika taldeko abeslaria eta gitarra jolea

Datozen egunetan argitara emango da Idi Bihotz talde bizkaitarraren seigarren lana. Musika munduan hamar urteko ibilbidearen buruan boskoteak kolaborazioz beteriko zuzenekoa grabatu du. Kantak diskoan jasotzeaz gain, Antsoaingo eta Santurtziko kontzertuetako irudiekin DVD osatu du taldeak.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ

Hamar urteko ibilbide musikala bete berri du Idi Bihotz taldeak eta Mikel abeslariak aitortu duenez, «seigarren lan hau nolabaiteko aitzakia izan da urteurrena ospatzeko; talde guztiei gustatzen baitzaie zuzeneko bat izatea». Kolaborazioz beteriko lan bikoitza ekoiztu du taldeak; CDaz gain ordu eta erdiko DVDa ere biltzen du zuzenekoak. Azken formato horretan, iaz Antsoainen eta Santurtzin eskainitako kontzertuen grabaketekin batera, gonbidatuekin elkarrizketak eta taldearen inguruko dokumentala ikus daiteke.

Hamar urte hauetan ezagutu dituzuen musikari askoren kolaborazioa jasotzen du zuzeneko diskoak. Zelako esperientzia izan da?

Jende ezaguna eta ez hain ezaguna, denekin harremanetan ibili gara denbora luze honetan eta ondorioz, oso giro polita sortu da. Hori, nolabait, gure diskoan jaso nahi genuen. Eta, benetan, bi kontzertu erraldoi horien gisako topagunea beste noizbait ikustea zaila izango da. Pentsa, agertoki berean Komako Brigi, Su Ta Garreko Aitor, Latzeneko Aitor Uriarte, Tierra Santako Rober eta Mikel, Hamleteko Molly, Saviako Carlos eta Lujuriako Oscar elkartu ziren. Gainera, azken hiru horiek Madrilgoak izanik, gure kantak euskaraz abesten ausartu ziren. Jon Kellyk eta Maite Itoizek ere gure kanta zahar bat berritu eta moldatu zuten eta Medina Azaharako abeslariak, nahiz eta kontzertuetara ezin izan zuen etorri, gure beste abesti batean kantatzen du euskaraz. Eta hori sekulako puntazoa da! Kolaborazioek izugarri aberastu dute, dudarik gabe, gure azken lan hau.

Garai berrietara egokitzeko beharra somatu duzue denbora honetan?

Musikak egun bizi duen egoerak gugan ere eragina du. 1996an atera genuen gure lehen diskoa eta, nahiz eta egun baino txartoago jotzen genuela pentsatu, hirurogei bat kontzertu eskaini genituen uda hartan. Orain hori pentsaezina da. Egoera erabat aldatu da eta, batez ere, dokumentala grabatzerakoan konturatu gara prozesu horretaz. Herriko jaietan ere jende gutxiago mugitzen da, ez dakit horren atzean zerbait politikoa egon daitekeen... Bestetik, dagoen talde piloarentzat, diskoetxeetan ez dago lekurik. Alde batetik, talde ugari egoteak musika aberasten du, baina gero, jendeak ez du diskorik erosten, eta azkenean, betikoek jotzen dute.

Baina Idi Bihotzek leku bat egin du Euskal Herriko musika panoraman. Musikatik modu profesionalean bizitzeko moduan beste?

Guk udaro hogei bat kontzertu ematen ditugu, hortaz, gure lekua nolabait mantentzen dugu. Baina modu profesionalean aritzeko adina ez. Hogei urterekin hasi ginen eta 30 dauzkagu. Pentsa zer den hori. Gutako bat aita da, eta, noski, horrek ere bere denbora behar du. Gero lana, entseguak eta asteburuetan kontzertuak... Baina guk beti bezala ondo pasatzen jarraitzen dugu. Beti jakin dugu zer garen, nondik gatozen eta nora goazen, eta hori oso garrantzitsua izateaz gain, urte hauetan guztietan mantentzeko sekretua izan da.

Santo Grial banaketa etxearekin aritu zarete azken lan honetan. Zergatik?

Salbuespena da, gure lanak beti Oihuka diskoetxearekin kaleratu izan baititugu. Dena den, Santo Grialekoak oso eraginkorrak dira eta gustura aritu gara. Gainera ,pozik gaude dagoeneko Bartzelonan eta Castellon emango ditugun kontzertuak hitzartuak ditugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo