GARA > Idatzia > Kultura

Ipar Uribe nagusitu da Bertsolari Gazteen BBK Sariketan

GARA | DURANGO

Durangoko Plateruena kafe-antzokian ostiralean jokatu zuten Bertsolari Gazteen XV. BBK Sariketako finalean, erraz nagusitu zitzaion Ipar Uribeko taldea Busturialdekoari, bai 18 urte artekoetan, baita 24 urte artekoetan ere. Horren lekuko da puntuazioa: txapeldunek, guztira, 380,5 puntu lortu zituzten; txapeldunordeek, aldiz, 364. Hala ere, saio polita izan zen eta kantuan ez zen inolaz ere taldeen artean sekulako desorekarik sumatu.

Ipar Uriben, Imanol Uria, Maialen Markaida eta Jone Uria aritu ziren 18 urte artekoetan; Arrate Illaro, Peru Vidal eta Itxaso Paia, berriz, 24 urte artekoetan. Horientzat izan zen 1.260 euroko saria. Busturialdean, aldiz, Aitor Beitia, Beñat Romero eta Amaia Aurrekoetxea, alde batetik, eta, bestetik, Amaia Uribe, Olatz Ibarluze eta Ander Elortegi. Beraien saria, 900 eurokoa.

Urubururen saria

Ipar Uriberen garaipenak hautsi du Durangaldeak azken bi urteotan izan duen nagusitasuna. Izan ere, Ipar Uribe eta Durangaldearen artean jokatu zuten buruz burukoa aldez aurretiko finala izan zela esan daiteke. Orduko hartan, Ipar Uribek puntu erdi bakar bateko aldeaz irabazi zuen.

Hala ere, Durangaldekoek esku huts-hutsik ere ez dute bukatu sariketa. Epaileek bizkaiera egokien erabili duen bertsolariari eman ohi dion saria (140 euro) Eñaut Uruburu Durangaldekoak eraman du aurten.

Guztira, sei izan dira otsailaren 27an abiatu zen BBK Sariketan parte hartu duten taldeak. Ipar Uribe, Busturialdea eta Durangaldea ez ezik, Lea-Artibai, Bilboaldea eta Arratia ere aritu dira.

Finala, arestian esan bezala, Durangon jokatu zen ostiralean. Lehen aldia zen, orain arte Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalak beti Bilbon jokatu izan direlako. Durangaldeko taldea finaletik kanpo zegoela kontuan izanik, giroa hasieran espero bezain beroa izango ez zela pentsa ziteeken. Baina ez zen hori gertatu. Plateruena bete egin zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo