Hamargarren urteurrena du 10.000 euskaldunetik gora biltzen dituen Topaguneak
Urteko batzar nagusia egin zuen atzo Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Hamargarren urteurrena ospatzeko hiru ekitaldi egingo dituztela jakinarazi dute: Durangon, Bilbon eta Donostian.
GARA |
1997ko otsailean sortu zen Topagunea, euskara elkarteak biltzen dituen bazkidetza. Urteurreneko ospakizunak egingo ditu datozen hilabeteetan, atzo burutako batzar nagusian onartu zutenez. Ekimen horietan lehenengoa maiatzaren 24an izango da Durangon, bertan aurkeztu baitzen Federazioa. Bigarrena, ekainaren 16rako aurreikusi dute. Kultur Errota Bilboko Zazpi Kaleetara irtengo da, zirkuito horren barruan 1.300 emanalditik gora antolatu direla gogoratuz. Eta hirugarren ospakizuna azaroaren 23an eta 24an kokatu dute. Donostian euskara elkarteek azken 25 urteotan egindako lanaren bilakaera aztertu ondoren, etorkizunerako erronkak finkatuko dituzte jardunaldi batzuen bidez.
Topaguneak gogora ekarri zuenez, egun 90 elkarte biltzen dituzte, guztien artean 10.000 euskaldun batzen direlarik. Hasieran, duela hamar urte, 30 elkarte baino ez ziren; hazkundea begibistakoa da, beraz.
Kopuruen gainetik, abian jarritako egitasmoak nabarmendu ditu Topaguneak: kultur arlokoak (Kultur Errota edo Film Laburrak), haur eta gazteen aisialdiaren ingurukoak (Asteburuetan.com izeneko programa edo Abian metodologia eskuliburua), mintza-praktika egitasmoak (Mintzakide Eguna), tokian tokiko hedabideentzako zerbitzuak eta entitateak euskalduntzeko programak.
2006ko balantzea
2006 urteko balantzeari dagokionez, mintza-praktiken arloko egitasmoak euskara elkarteen eta herrietako euskalgintzan hartzen ari diren garrantzia nabarmendu zuten atzoko batzarrean. Eta horrekin batera, Nafarroa Behereko eta Zuberoako zenbait elkarterekin ere elkarlana abiatu izana txalotu zuten. «Horrek bide berriak ireki ditu euskara elkarteen mugimendua etorkizunean Iparraldera ere hedatzeko», azaldu zuten Topaguneko ordezkariek atzoko biltzarrean.
Tokiko hedabideetan ematen ari den hausnarketa eta lurraldez lurraldeko egitasmoak ere aipagai izan zituzten.
Bestalde, Zuzendaritza Batzordean bi kide berri daudela jakinarazi dute: Elena Herrarte arrasatearra eta Olatz Zabaleta iruindarra. Lehena Txatxilipurdi elkarteko kidea da; bigarrena, Karrikiri elkartekoa.
Mallabiko Orraittio, Gordexolako Hodoibatza, Barakaldoko Sasiburu, Santurtziko Bai Esan eta Mutrikuko Txantxangorri elkartea zein Iruñeko Dindaia Fundazioa dira sartu berri direnak.
Orain duela hamar urte euskararen aldeko hamar elkartek jarri zuten abian Topagunea Durangon, baina gaur egun jadanik 90 biltzen ditu koordinakundeak, horietan guztira 10.000 euskaldun batzen direlarik.