Mikel Aramendi Kazetaria
Ez da miraririk gertatu, ez
Iazko azaroa amaitzear zenean, urriaren 29an egin ziren Kongoko Errepublika Demokratikoko lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzuliko emaitzak ofizial- du zirenean, galdera moduan botatzen zuen BBCko Mark Doylek bere iruzkinaren izenburuan: «Mirakulua ote da?». Azpimarratu nahi zuen, noski, harrigarria zirudiela bozketa horien inguruko sosegua, bost urtez, 1998tik 2003ra bitartean, gerra izugarrian (Kongoko Bigarren Gerra II. Mundu Gerraz geroztiko odolusterik handiena izan dela esan ohi da, 3.500.000 hildako inguru eragin zituela uste denez) eta ondoren beste hiru urtez trantsizio bortitzean murgildurik egon den herrialdean. Emaitzen inguruan ika-mikarik bazen arren, Joseph Kabilaren garaipen argia ontzat ematen zuten nazioarteko begiraleek, baita haren aurkari Jean-Pierre Bembaren jarraitzaileek ere, neurri handi batean. Guztia, bake giroan, Kongon ohi denerako. Miraria zirudien, milaka kasko urdindunen presentzia aintzakotzat hartuta ere.
Emaitzak, nola lehen itzulikoak hala bigarrenekoak, arretaz begiratuta ordea, kezka latza pizten zen: oro har orekatuxeak ziruditen emaitza haiek probintziaz probintzia aztertuz gero, oso bestelako irudipena jasotzen zen. Batzuetan Kabilak irabazten zuen alde ikusgarriz (botoen %90 baino gehiago bereganatuz), eta besteetan Bembak lortzen zuen garaipen bertsua. Bakan batzuetan baino ez zen ematen oreka moduko bat. Gainera, bi aurkarien indarra oso zehazki banatzen zen: ekialde guztia Kabilaren aldekoa zen, eta mendebalde osoa Bembaren aldekoa, 24ºko meridianoak herrialde osoa erdibituko balu bezala. Ez zen aztia izan behar etendura etniko-politikoa antzemateko.
Joan den astean zirpildu da mirariaren irudia. Aldez aurretik sinaturiko akordioak betearazteko, Kabilaren agindupeko Armada ofizialak Bembaren milizia partikularra desarmatu nahi izan du, eta Mobuturen oinordeko politikoa (diktadorearen lagun minetakoa izan zen bere aita, eta ahaidetuta daude bi familiak egun) dei genezakeen honek matxinadari ekin dio, Kinshasa hiriburua gerra egoeran murgilaraziz. Ez du ematen lehendakariak eragozpenik izango duenik hiriburua kontrolatzeko (A. Gizenga, hauteskundeetako lehen itzulian Kinshasan irabazle izan zena, aliatua eta gobernuburua du orain Kabilak). Bestelako kontua da zer gertatzen den mendebaldeko beste probintzia guztietan.
Baina ezin da miraririk espero.