Emakumeon eskubideen aitortza, bermea eta gauzatzea
Herri bezala aurrera egin nahi dugunok euskal emakumeok pairatzen dugun errealitateari so egin behar diogu
Euskal Herriaren egoera ikuspegi ezberdin anitzetatik azter daiteke. Nazio Eztabaida Guneak, bere sorreratik, hutsune politiko eta sozial nabarmen eta larri bati erantzun positiboa eman nahi izan zion: Euskal Herria nazio izaeraren ikuspegitik aztertzea eta nazio gisa egin beharrekoa erabakitzea. Gure herria ukatua izatea, gure herriari dagozkion eskubideak urratuak izatea, Euskal Herrian bizi garen herritarron eskubideak zapalduak izatea egunero bizi dugun errealitatea da. Nazio gisa bizirauteko gure nortasun zutabeak aski ahulak dira. Gure biziraupena arriskuan dago, beraz.
Jakin badakigu, geldirik dagoena, aurrera egiten ez duena, desagertu egiten dela. Euskal Herriaren garapenean urratsak egin behar ditugu nazioa izateko. Euskal Herriaren biziraupena eta garapena bermatzea da beraz Nazio Eztabaida Gunearen filosofiarekin bat egiten dugun gizon eta emakumeon helburua.
Pasa den urrian, eh'06 Nazio Eztabaida ospatu genuen. Bertan Euskal Herriaren egoeraren azterketa berritu eta gure herria kolokan jartzen duten egiturazko hutsuneei aurre egiteko plana adostu genuen, Nazio Plana alegia. Bertan, besteak beste, euskal mugimendu feminista egiten ari zen Euskal Emakumeon Eskubideen Gutuna bultzatzea adostu genuen, Nazio Eztabaida Gunean parte hartzen dugun emakumeon arteko eztabaida eta parte hartzea sustatzeko konpromisoa hartuz. Eta eztabaidari ekin genion. Beste emakume asko bezala, gizon eta emakumeen arteko harreman berrietan oinarrituriko herria eraikitzeko beharrezko aldaketak mahaigaineratuz eta zehaztuz.
Emakumeon eskubideak urratuak, herritarron hitza eta erabaki ahalmena ukaturik dugun garai honetan, gure herria subjek- tutzat hartzen ez den honetan, inoiz baino premiazkoagoa dugu herri bezala pentsatu eta ekitea, herri estrategia garatzea. Eta bide horretan, Euskal Herriaren eta euskal herritarron eskubideen bermea lortu bidean, ezinbestekoa irizten diogu emakumeok pairatzen dugun egoera eta honetan patriarkatuak duen eragina aztertu eta aitortzea. Izan ere, gure herriaren biziraupen eta garapenerako, Euskal Herriko eskubideak zein herritarron eskubideak gauzatzeko, besteak beste, egungo sistema patriarkalari aurre egin behar diogu.
Emakumeon eskubideen urraketa gainditu behar dugu eta horretarako, lehenik eta behin, emakumezkooi dagozkigun eskubideak aitortu behar zaizkigu. Sexuen arteko botere harremanen ondorioz, emakumeok pairatzen dugun zapalkuntza estrukturala aitortu eta ikusarazi behar dugu. Pairatzen dugun eskubideen urraketa azalarazi behar dugu.
Zentzu honetan Emakumeon Eskubideen Gutuna ezinbesteko tresnatzat daukagu. Izan ere, emakumeon errealitatetik abiatuta jendartea eraldatzeko baliagarri suertatuko zaigun gutunak, emakumeon ikuspuntutik eta logika feminista batetik idatzia egonen den gutunak, gure herriaren biziraupen eta garapenean urrats kualitatiboa suposatzen baitu; emakumeon eskubi- deak identifikatzen eta bermatzen diren neurrian soilik egingo baitugu aurrera, inongo bazterkeriarik gabe, aukera berdintasunean eta parekidetasunean.
Baina emakumeon eskubideen aitortza emateaz gain, eskubideak bermatuak izan daitezen urratsak eman behar ditugu. Izan ere, Euskal Herriak nazio instituzioak behar ditu gure eskubideak zaindu eta bermatzeko. Dagozkigun eskubideak gauzatu ahal izateko bitartekoak ziurtatuko dituen instituzio eraginkorra behar du gure herriak. Horretarako ezinbestekoa da Udalbiltza nazio instituzio bezala berrantolatu eta sendotzea.
Bukatzeko, udaberri honetan zehaztu eta aurkeztuko den Emakumeen Eskubideen Gutuna gure herriaren aldeko bidean oinarri izan behar dugun tresna da. Euskal Herriaren egoera aztertzerakoan eta nazio gisa aurrera egiteko estrategia definitzerakoan ezinbestez aintzat hartu beharreko erreferentea da.
Herri bezala aritu nahi dugunok, herri bezala aurrera egin nahi dugunok, euskal emakumeok pairatzen dugun errealitateari so egin behar diogu.
Euskal Herriaren garapenari begira, ezinbestekoa da herritar guztion, hots, gizon-emakume ororen ekarpena (norberak bere esparrutik) bideratzea. Norberaren aukera eta borondatearen araberako atxikimendua emanez, guztion artean adosturiko bidearekiko konpromisoak hartuz eta lana eginez.
Zentzu honetan, guk ere gure konpromisoa adierazi nahi dugu. Emakumeon eskubideen aitortza bezain garrantzitsua eskubideen bermea eta garapena delakoan gaudelako, orain arte bezalaxe, Nazio Eztabaida Guneko kideok egitasmoa sustatzeko lanari ekin behar diogu. Besteak beste, gutuna aintzat hartuz eta aplikatzeko urratsak emanez.