GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«Kitzika", aldizkaritik irratira eta Lekeitiotik Euskal Herrira

Lekeition sortua, «Kitzika" doako aldizkaria Lea-Artibain musika eredu berrien oihartzuna zabaltzen ahalegindu da eta, zenbait astez frogatan aritu ostean, herriko Arrakala irratirako ahozko bertsioa osatu dute. Orain, Euskal Herri osora hedatuko da uhina.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Badira zenbait hilabete Lekeitioko lau lagunek «Kitzika» aldizkaria sortu zutela. Lea-Artibain eta Bilbo inguruan banatu dute musika eredu ezberdinak -«kañeruak» esan dute beraiek- jorratzen dituen doako argitalpena eta, duela zenbait astetatik hona, herriko Arrakala irrati librearen uhinetan ere hustu dituzte aldizkariko edukiak.

Esatari lanetan trebatu ostean, iragan ostiraletik aurrera Arrosa Sarean emango da «Kitzika» eta, beraz, Euskal Herri osoko irrati libreei saioa zuzenean emateko aukera zabaldu zaie.

Paperezko edizioa bide onetik doala azaldu dute lekeitiarrek eta, hirurehun aleko lehenengo argitaraldi hura bostehunera zabaltzeko asmoa omen dute, Udalaren laguntzarekin: «Lekeition talde asko sortzen ari zirela ikusi genuen eta aldizkariaren kontua sortu zen. Udalarekin hitz egin eta aurrera atera zen gaia. Handik gutxira, Arrakalatik aldizkariko musika irratira pasatzea proposatu ziguten eta, tira, horretan gabiltza». Hiruzpalau saio Lekeitioko irrati librean eman ostean, iragan ostiralean sartu zen «Kitzika» Arrosa Sarean.

Hizpide nagusia Bizkaiko musika izango badute ere, eremua zabalduko dutela adierazi dute eta «kontzertu potenteak» dauden lekuetara joango direla, horien kritikak eman ahal izateko. Sortzen doazen taldeen berriak, elkarrizketak, agenda zabala eta ohiko formatuak landuko dituztela gaineratu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo