Asteasu
Joxe Ugarteburuk azkeneko lanean menderatu du Toledano segoviarra
J.L. | ASTEASU
Iñaki Aierbek eta Joxe Ugarteburuk lortu zuten herenegun gauean Asteasun Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela, eta Alejandro Mindegiak, berriz, 18 urtez azpikoen lehiaketan aurrera joateko modua egin zuen.
Helduen mailan, Ugarteburuk eta Toledanok jokatu behar zuten neurketa zen erakargarriena. Izan ere, zaleek bazuten Toledano aizkolari segoviarra ikusteko gogoa. Munduko Aizkolaririk azkarrenaren lehiaketan izan zen Tolosan eta itxura ona eman zuen. Asteasun ere ongi aritu zen, baina lan luzean ez dago ohituta eta hortxe galdu zuen saioa.
Hemen ere aizkolariek lau lan ezberdin egin behar izan zituzten. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu hasi ziren lanean. Gero, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztu behar izan zuten. Hirugarren lanean, aizkolariek 45 ontzakoa zutik ebaki zuten, eta azkenik, bi kana-erdiko eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituzten.
Ugartebururen eta Toldenaoren arteko deman segoviarrak hiru proba bereganatu zituen, baina gero ezin izan zuen. Kolpekakoan, 40an erdibitu zuen enborra eta hiru gehiago behar izan zituen Ezkiokoak. Erlojuz kontrakoan, 49 segondotan moztu zuen 45 ontzakoa eta 55ean gipuzkoarrak. Zutikakoan, segoviarrak 1.38n moztu zuen, eta 2.07n Ugarteburuk. Lan luzean, aldiz, Ugarteburuk 7 minutu eta 33 segundo behar izan zituen, eta 10.11 Toledanok. Denera, 11.18 izan zen Ugartebururen denbora eta 13.18, berriz, Toledanorena. Beraz, Ugarteburuk egin zuen aurrera.
Aierbe II.aren eta Mugertza II.aren arteko deman, ataundarra nagusitu zen, eta itxura oso ona eman zuen, gainera. Kolpekakoan, 35 eman zituen Aierbek, eta bi gehiago mutrikuarrak. Erlojuz kontrakoan, 45 segundo izan zen Aierberen denbora, eta 50 segundo Mugertzarena. Zutikakoan ere Aierbek irabazi zuen, 1.09 izan zen bere denbora, eta 1.37 mutrikuarrarena. Lan luzean, ataundarrak 6 minutu eta 48 segundo behar izan zituen, eta 7.27 Mugertzak. Lan guztiak egiten, 9 minutu eta 17 segundo behar izan zituen Aierbek, eta 10 minutu eta 31 segundo Mugertzak.
18 urtez azpikoetan Alejandro Mindegiak Alkizalete II.ari irabazi zion. 10 minutu eta 7 segundotan burutu zituen lan guztiak eta asteasuarrak, berriz, 10 minutu eta 33 segundotan amaitu zituen.