izotz hockeya
Hormadik ezin izan dio Elite Ligan jokatzen jarraitzeko aukerari eutsi
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Kitto, amaitu da Hormadik Elite Ligan egin duen ibilibidea. Jaitsierako kanporaketako bosgarren partida galdu zuen eta datorren urtean Lehen Mailan jokatu beharko du. Hala ere, Elite Ligan jarraitzeko aukera bat badute. Talde bat baino gehiago dira diruz nahiko gaizki dabiltzanak eta, horiek maila nagusian ezin badute jarraitu, lapurtarrek izango dute han jarraitzeko parada.
Herengun gauean gauzak primera hasi ziren gorri-berdeentzat, lehen zati paregabea egin baitzuten. Nagusitasun horren ostean, 0-4 aitzineratu ziren, eta bazirudien seigarren partida behartuko zutela.
Lehen hogei minutuetan egindako lan ona, ordea, bigarren hogei minutuetan alferrik galdu zuten, etxekoek partida berdindu egin baitzuten. Kolpe handia izan zen hori Hormadikoentzat, eta ezin izan zioten buelta eman.
Dijon indartuta kantxaratu zen hirugarren zatian, eta beste hiru gol lortu zituzten, partida, eta mailari eusteko txartela ere, segurtatuz. Orain Hormadik itxaron egin beharko du, kantxan lortu ez duena, bulegoetan lortzeko aukerarik ote duten ikusi ahal izateko.