GARA > Idatzia > Gaurkoa

Txillardegi Idazlea eta hizkuntzalaria

Espainiar legearen murrua

Zarata apur bat atera du joan den astean Azpeitiko Udal Ordenantzaren aurka Madrilek eman duen debekuak. Azpeitiko erabakia ez da atzokoa, iazko Urtarrilaren 23koa baizik (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2006-1-30ean argitaratua). Madrilek niet esan du eta, beraz, Azpeitiko Udalak xeheki prestatutako Ordenantza bikaina ezeztaturik geratu da.

Ez dute Azpeitiko erdaldun herritarrek salatu. Ez. Paulino Luesmak berak egin du; agindua funtsatzeko arrazoinak Estatuaren Abokatuaren txostenean aurkiturik.

Euskal Herriak aspaldi honetan jasaten duen eraso orokorrean nahasirik, erreparatu ere ez da egin ia-ia. Ezker Abertzaleek eta Kontseiluak bai, ozenki salatu dute euskararen kontrako ostikoa. Baina espainiar indarrek gezur galantak hedatu dituzte berehala: Azpeitiko erdaldun gutxiengoa «diskriminatuta» geldituko litzatekeela, euskara «inposatu» nahi dela, eta abar.

Kontseiluko Iñaki Lasak egokiro errepikatu duenez, Euskal Herriko bazter guztietan euskaldunon eskubideak sistematikoki eta etengabe urratzen direlarik, Azpeitiko Ordenantzak urratuko omen lituzkeen erdaldunen eskubideak aipatzea, arazoa oso larria ez balitz, «gustu txarreko bromatzat» har liteke. Euskaraz bizi nahi dugunok egunero jasaten ditugu, maila eta alor guztietan, mila purrustada eta mila mespretxu instituzio guztietan (autonomikoetan barne); eta oraindik ere Tribunal Superior de Justicia del País Vasco deritzonak hartutako erabakia, horretara, irain hutsa da.

Zer erabaki du bada Azpeitiko Udalak? Autonomi Estatutua (1979-12-18); eta Euskararen Erabilpena arautzeko Legea (1982-XI-24), Garaikoetxea-Etxenikeren eraginez bozkatu eta legeztatu zena, bultzatzea bilatu da. 21 urte joan dira geroztik, eta Azpeitian eta non-nahi nora iritsi garen garbi baitago. Hots, «Azpeitian erroldatuta dauden 13.000tik gora biztanleen %5ek bakarrik ez du euskara ezagutzen», irakurtzen dugu Ordenantzan. Alegia, %95 direla euskaldunak Azpeitian. Non aurrera joko, Azpeitian ez bada? Julian Eizmendi alkatea, bestalde, eta gaizki ez banago, EAJko kidea da.

Dena legetasunaren barruan bideratzen saiatu dira Azpeitiko agintariak, Ordenantzan bertan azaltzen denez: «Arauzko jendaurreko informazio epean ez da erreklamazio edo oharpenik egin. Hori dela eta, orain artean behin-behineko zen akordioa behin betikoa bihurtuko da». Ez da egia, beraz, Azpeitiko erdaldunak bazterturik edo «diskriminaturik» gelditu direnik.

Irakur dezagun: «Herritarrak udal langileekin harremanetan jartzeko erabiltzen duten hizkuntza ofizialean jasoko du udal langilearen erantzuna» (4. art.)

Udalarekiko harremanak espainieraz izan nahi duenak espainieraz jasoko du: bai ahozko erantzuna bai eskatutako dokumentazio guztia.

Azpeitiko Ordenantzak elebitasuna onartzen du oinarri, eta eskubide pertsonalak errespetatzen ditu. Ez dago inolako lurraldetasunik; Belgikako, Suitzako edo Suomiko glotopolitikatik urrun. Hitz batez, Ordenantzako soluzioa malgua da erabat.

Baina, hau bai, «hizkuntzaren erabilera erreala bilatzen da, eta ez bakarrik teorikoa» (Ordenantzaren Hitzaurrean).

Hezkuntzaren alorrean (6.art.) irakaskuntza osoa euskaraz burutzeko eskubidea bermatzen da.

Osasun zerbitzuetan (egoera negargarrian, euskaldunok ongi dakigunez) hiritarrari lehenengo hitza euskaraz eskaintzen zaio; horrela konfiantza giroa sortzeko eta gero, noski, harreman osoa euskaraz burutu ahal izatea (7.art.).

Justiziaren alorrean (gaur arte espainiera hutsez ari izana) euskara sartzen hastea proposatzen da (8.Art.).

Eta polizien alorrean (Estatuarenak barne), Kataluñan ausarki egin dutenaren bidetik, euskaraz mintzatzeko eskubidea aldarrikatzen da: «Estatuko indar eta segurtasun eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea» (9b. art).

Oso egokia ere pertsonalaren kontratazio-an hizkuntza galga irmo ipintzeko erabakia (16-2.Art.).

Zer gertatu da, hortaz? Euskararen Erabilpenaren Legeko 8.3 puntuan (1982) gertatu zena. Hau esaten baitzuen Eusko Jaurlaritzak: «Los poderes públicos podrán hacer uso exclusivo del euskera para el ámbito de la Administración Local, cuando en razón de la determinación socio-lingüística del municipio no se perjudiquen los derechos de los ciudadanos». Baina Madrileko Auzitegi Konstituzionalak (82/1986 ebazpena) inpugnatu egin zuen puntu hori. Eta horretan gaude, UEMAk ongi dakienez.

Zer dio Elebidek gertakari hits hauen aurrean? Plegu honetako gertakarien ondorioz, dimisioak egon ziren Nafarroako Unibertsitatean. Hemen?

Eskola ereduen alorrean «malgutasuna» eskatzen zaigun une berean, Madrileko murruaren gotortasuna topatzen dugu.

«Zerbait» ikusiko dugula uste dute baikorrenek. Beste batzuek, aldiz, Ordenantza zulora joango dela eta kitto.

Gauden beha!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo