GARA > Idatzia > Kultura

EOSek lehen aldiz aurkeztuko du Shostakovitchen «Babi Yar» sinfonia

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere 2006/2007 denboraldiko bederatzigarren abonu-programa egingo du aste honetan, eta errepertorioari Dmitri Shostakovitchen 13. sinfonia, «Babi Ya» delakoa, erantsiko dio. Lehenbizikoz eskainiko du hori Orkestrak, eta Victor Pablo Perez zuzendariaren aginduetara ariko dira oro: Arutjun Kotchinian baxua, Easo Abesbatza, Andra Mari Abesbatza eta Xabier Elorriaga aktorea bera, errezitatzaile lanetan ibiliko dena.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Dmitri Shostakovitchen 13. Sinfonia, «Babi Yar», 2006/2007 denboraldi honetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) lehenbiziko aldiz interpretatuko dituen hogeita hamar obren artean dago. Berebiziko garrantzia duen lana dela nabarmendu zuten atzo, eta aste honetan bertan Donostian, Gasteizen eta Bilbon ere aurkeztuko da. Hain zuzen ere, egunotan 2006/2007 denboraldiko bederatzigarren abonu-programan murgilduta dabil Orkestra, bai eta urte osoan taldearen 25. urtemugako ospakizunetan ibili ere.

Prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, bestalde, «Babi Yar»-ek ez du nolanahiko aurkezpena izango hitzordu horietan. Xabier Elorriaga euskal antzezle ezagunak euskaraz errezitatuko ditu-eta poemak. «Lehenbiziko aldia da Jevgeni Jevtushenkoren poemak, hau da, sinfonia honen funtsa diren dramatismo handiko idatziak euskaraz errezitatzen direla», aipatu zuen Orkestrako zuzendari Iñigo Alberdik -poemak euskaratzeaz Arantxa Urretabizkaia arduratu da-.

Osterantzean, Andra Mari A-besbatza eta Easo Abesbatza ere izango dira programa honetan, Arutjun Kotchinian armeniar baxua bezalaxe. Hala, orotara gizonezko 70 ahots eta egun Espainiako Orkestra Nazionaleko kide Ane Matxain biolinjole donostiarra ere, guztiak, Victor Pablo Perezen aginduetara ariko dira. Azken horrek Euskadiko Orkestra gidatzen duen hamargarren aldia izango da honakoa.

«Arte nahasketa ezohikoa»

Aurkezpenean nabarmendu zuenez, «ezhoikoa» da EOSek esku artean duen proposamena, Elorriaga aktoreak errezitatuko dituen poemen bitartez normalean baino pisu handiagoa hartuko dute-eta hitzek. Victor Pablo Perezen aburuz, musika zein olerkia bezalako «arteak nahasteak» asko lagundu dezake «kontzertuei beste ikutu bat ematen», bai eta publiko berria erakartzen ere. Alde horretatik, esperientzia aberasgarria dela iritzi zion zuzendariak.

Elorriaga bera ere esker oneko agertu zen, «esperientzia dexente berria eta nahiko gogorra» izango duela azalduta. Hain zuzen, aipatu zuen antzerkian ez bezala, kasu honetan «energia aurretik eta atzetik» izango duela, musika sortzen den lekuan bertan egongo delako. Bestalde, euskaldun zaharra izanik ere, hizkuntza ez duela erabat menperatzen esan zuen, horrek nolabaiteko «arriskua» baduela azalduta. Baina, aktoreak errezitatuko dituen sinfoniako poemen edukiarekin «elkartasuna» ere sentitzen du, eta oro har pozez agertu zuen erronkarekin.

Easo eta Andra Mari abesbatzetako Xalbador Rallo eta Jose Manuel Tife zuzendariak ere, hurrenez hurren, EOSren 25. urtemugan parte hartzea «ohorea» dela nabarmendu zuten.

POEMAK EUSKARAZ

Lanak bost mugimendu ditu, eta bakoitzaren aurretik euskaraz errezitatuko ditu poemak Elorriagak, gaztelaniazko azpitituluekin. Arantxa Urretabizkaiak moldatu ditu euskarara, estraineko aldiz.

Fitxa

Noiz eta non: Gaur eta bihar, Kursaal Auditorium (Donostia); ostiralean, Gasteizko Principal Antzokian, eta, larunbatean, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Ordua: Kontzertuak 20.00etan izango dira. 18.45ean, Isabel Diaz Morlanek sinfoniaren gainean hitzaldiak egingo ditu.

Sobietarren sentipenak eta pentsamoldeak ditu oinarri

1961 eta 1962 urte bitartean konposatu zuen 13. Sinfonia, «Babi Yar», Dmitri Shostakovitchek, eta azken urte horretan Moskun estreinatu zuten. 8.Sinfonia eta geroko 14.arekin batera errusiar konpositorearen bildumako atalik tragikoena dela aipatu zuten atzo Donostian.

Sinfonia koral hori garai hartan gaztea zen Jevgeni Jevtushenkoren «Babi Yar» poeman oinarritzen da, eta 1941ean Kiev-etik gertu dagoen izen bereko amildegian jazotako tragedia du ardatz: alemaniar SSen komando batek 34.000 judu erail zituen-eta bertan.

Sinfoniako lehen mugimendua jazoera haiei zuzenduta dagoela azaldu zuen Elorriagak. Bigarrenak, aldiz, umorea boterearen antitesi gisa aurkezten du; hirugarrena, «Dendan», erakusleihoen aurrean ilarak egin behar izaten dituzten emakumeen omenez egin poema da, eurek egin behar izaten dituzte-eta lan gogorrenak; Laugarrenak, «Beldurrak», Jevtushenkoren poema batean du oinarri, eta Errusia Zaharraren itzulerarekiko mesfidantza kolektiboez ari da; eta «Karrera» delako azken atalak obrari buruz poetaren iruzkin pertsonala biltzen du; artistaren kontzientzia azaltzen du. Shostakovitchen musikak lotzen ditu oro.

I.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo