Gidariei ingelesa irakasteko programa jarriko du abian Mondragon Linguak
Euren ibilgailuetatik bertatik eta egun eskura dauden terminalen bidez, taxi, kamioi edota limusina gidariek euren premietara egokitutako ingeles ikastaroak jasoko dituzte, atseden tarteetan. Mondragon Lingua enpresak Leonardo da Vinci programaren laguntza jaso du.
GARA |
Mondragon Linguak Taxi Drivers izeneko proiektua jarriko du abian eta taxi, autobus eta limusina gidari gisa lan egiten duten pertsona ororen eskura izango da. Helburua horiei ingelesez irakastea da eta horretarako, PDAz eta telefono mugikorrez baliatu ahalko dira, besteren artean.
Mondragon Korporazio Kooperatiboaren baitako enpresa horrek martxan jarriko duen proiektuaren bitartez, aipatu profesionalei euren beharretara egokitutako ingelesa irakatsiko zaie. Euren ibilgailuetatik bertatik ikasteko aukera izango dute gainera, egun merkatuan dauden terminalei esker.
350.000 euroko aurrekontua
Taxi Drivers proiektua Europar Batasunak eratutako Leonardo da Vinci programaren barnean kokatzen da eta Mondragon Linguak ez ezik, hainbat arlotan jarduten duten beste zazpi enpresek ere parte hartzen dute bertan. Leonardo da Vinci programak, besteren artea, hezkuntza eta formazio arloan eremu europarra eratzea du helburu. Orotara, proiektuak 350.000 euroko aurrekontua izango du. 200 proiektu aurkeztu ziren diru laguntzak jaso ahal izateko lehiaketara eta soilik 18 onartu zituen programa europarrak, Mondragon Korporazio Kooperatiboak ohar batean jakinarazi zuenez.
Egindako kalkuluen arabera, Europar Batasunean ehunka mila pertsonek egiten dute lan taxi edota autobus gidari gisa. Araba, Bizkaia eta Gizpukoan, esaterako, 2.500 taxi gidari aritzen dira lanean.
Proiektuaren helburua, langileek eskura dituzten terminalen bitartez, telefono mugi- korra, PDA edota potsikoko PCaren bitartez, edukiak eskuragarri jartzea da. Modu horretan eta WIFI sarearen bidez, langileek euren lanpostuetan dituzten atsedenaldietan ikasteko aukera izango dute.
Edukiak gainera, euren lan jarduerari egokituak eta kultura, aisialdia, artea, kirola eta turismoari dagozkion gaiak izango dira. Gainera, gidariaren jatorria kontuan hartuko da eta lan egiten duen herri edota hiriko ekitaldiei egokitutako ingeles ikastaroak eskura jarriko zaizkio.