Elkarrizketa bai, urratsak egiteko
Bigarren aldiz Juan Jose Ibarretxe auzitegi batera agertu zen atzo inputatu gisa, Arnaldo Otegiren eta Rufino Etxeberriaren ostean. Joan den urtarrilean bezala, izapide judizial ulertezin batek eraman ditu auzitegi horretara hiru euskal herritarrak. Han, bi mahaikideek ezker abertzaleak aurkeztu zuen proposamen politikoa gogorarazi zuten, eta Ibarretxek denekin hitz egingo duela esan zuen berriro ere. Nolanahi ere, bai mahaikideek bai Lakuako lehendakariak helburu politikoa duen lege bat indarrean dagoelako agertu behar izan dute auzitegira: Alderdien Legea. Lege hori eta edozein proiektu politiko galarazteko sortu diren guztiak bertan behera uzteko garaia da, akordioaren bidez. Elkarrizketa aldarrikatzea oso egokia da, baina dagoeneko aldarrikapen hori ez da inolako urratsa. Elkarrizketa beharrezkoa da, jakina, baina gero eta premiazkoa den akordioa lortze aldera, hain zuzen. Hori da erronka eta horrixe heldu behar diote euskal indar politikoek. Mahai gainean bada proposamen bat; hori eta sortzen diren guztiak eztabaidatzea eta konponbide demokratikoa oztopatzen duten neurri errepresiboak indargabetzea dira lehenbailehen egin beharreko lanak. Prozesua aurrera ateratzeko borondatea baldin badago, alderdiek beren ahalegina erakutsi behar dute. Ibarretxek ere badu zeregina bere alderdian.