Udalbiltzako lehendakaria Nazio Batuetan
Loren Arkotxak, Udalbiltzako lehendakariak, eta Julen Arzuagak, Behatokiko ordezkariak, Nazio Batuetara eraman zuten atzo milaka euskal herritarrek bere naziotasuna errespetatzeko eskatuz sinaturiko agindua. 2001. urtean hasitako bidean, berebiziko garrantzia duen pausoa eman zuen atzo erakunde nazionalak. Urte hartan, eta herritarren eskaerari erantzunez, Euskal Herriko Naziotasun Aitorpena (EHNA) martxan jarri zuen egun Arkotxa buru duen erakundeak.
1948an NBEko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean idatzitakoari jarraituz, Udalbiltzak euskal naziotasuna errespetatzeko eskakizun ofiziala abian jarri zuen. Dagoeneko, 6.000 herritarrek baino gehiagok sinatu dute agiria eta eskakizun horren berri izan zuten atzo Genevako Giza Eskubideen Kontseiluan. Julen Arzuaga alboan zuela, Loren Arkotxa Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi komisionatuaren zerbitzuko partaide den Mactahr Ndoyirekin elkartu zen. NBEko idazkaritza orokorrak «naziotasunaren ukazioa eta giza eskubideak» gaiaren inguruan informazioa biltzeari ekin berri dio. Atzo Udalbiltzak helarazitako txostenari esker, NBEk euskal herritarrek pairatzen duten naziotasunaren ukazioaren gainean informazioa eskuratu du. Eskubideak berreskuratzeko bidean beste urrats bat, urrats esanguratsua, eman du Udalbiltzak.